Arantza Mata
Arantza Mata

"Gora euskal eskola publikoa!"

2021/05/10
Europako Hezkuntza Sisteman, familien egoera sozio-ekonomikoa kontuan hartuz gero, EAEko hezkuntza-sistema da familien arteko desberdintasun handienetarikoa egiten duena. Jakin badakigu, hezkuntza herritarron eskubide unibertsal eta funtsezkoa dela, are gehiago gizarte garatu batean, baina Hezkuntza Sailak, oraindik eta zoritxarrez, ikasleen arteko bereizkeria ahalbidetzen du.

Gure sistema publiko-pribatu dual honek segregazioa  ahalbidetzen du. Familiek ez dute aukera bera hezkuntzan, aukera maila sozio-ekonomikoaren araberakoa da. Eta pribatua esaten dugunean, eufemismo bat besterik ez da, guztion diru publikoaz finantzatuta baitaude. Ikastetxe horiek orokorrean elitistak dira eta egungo gizarte egoerari bizkarra ematen diote eta Hezkuntza Sailak onartzen du. Ondorioz, ikasleen arteko ezberdintasuna ikastetxeen artean areagotuz doa eta ikastetxe ghettoak geroz eta gehiago dira.

Hezkuntza Sailak datu asko dauzka. ISEKak (Indize Sozio Ekonomiko Kulturala) bereziki aztertuz argi ikusten da zer nolako aldea dagoen publiko-pribatu artean, baina badirudi begiak itxi eta beste alde batera begiratzen dutela.

Argi dago Hezkuntzan esfortzu handiena Euskal Eskola Publikoak egiten duela, edozein ikasle motari arreta berezia emanez, etnia edo jatorria edozein izanda ere, inor atzean uzten ez duena. Guk argi eta garbi dugu semea Euskal Eskola Publikoan matrikulatuko dugula, inklusiboa eta anitza delako, denona eta denontzat delako eta, nola ez, norbanako guztien garapen integralaz arduratzen delako. Gure herriari justizia sozialaren mesedetan ekarpen handiena zalantzarik gabe Euskal Eskola Publikoak egiten dio. GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!