“Argi ibili” (Ekhi Belar)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Argi ibili” (Ekhi Belar)
ETA KITTO 2020, Ots 05

Edozein gauza egiteko esfortzu gutxien eskatzen duen bidea hartzen saiatzen naiz beti, baina batzuetan zaila izaten da bide hori aukeratzea. Eroskiko ilara azkarrena aukeratzea bezala da, inoiz ez duzu asmatzen.

Alperra izateak burua martxan jartzen du eta, era berean, ezer ez egiteak esfortzu handia eskatzen du. Estimulu berrien beharra dugu etengabe. Monotoniaren beldur, eragingo gaituzten pilulak irentsi behar ditugu momentu oro. Bata bestearen atzetik. Eguneko agenda ekintzaz betetzen dugu, eta mugikorra eramaten dugu komunera, bakardadean egoteko genuen momentu bakarra inbadituz.

Buruko zurrunbiloa etengabeko martxan dago eta denetik jakin behar dugu. Gaur koronabirusa, bihar klima-aldaketa eta etzi Irango kanpo-politika. Sasi orojakitun bihurtu arte. Hala-nolako pare bat datu jaso, bola bat egin, murtxikatu gabe irentsi eta jasotakoa plazan bota.

Hausnartzeko denbora, gogo edo aukerarik gabe, ezin Tolosakoak imitatu. Pote Filosofikoak ekimena jarri dute martxan han eta filosofia kontuez dihardute tabernetan. Absenta txupito bat, mesedez.

Hain zuzen ere, filosofiaz, alpinismoaz eta buruan bueltaka eduki eta ezin azaldu nituen gauzez mintzatu da Pablo Batalla Cueto El Salto webgunean egin dioten elkarrizketa interesgarrian. Marka pertsonalen, muturreko kirol-proben eta edozelako lehien sasoian, ibiltzea gomendatzen du berak. “Oinez egiteak pentsamenduari mesede egiten dio”, bere ustez, eta kontenplaziozko-mendizaletasunaren alde egiten du. Mugikorra itzali, erlojua erantzi, nagikeria uxatu eta kasu egingo diot. Hausnartu, pentsatu eta inguruko mendiak berrikusteko gogoa dut, zuhaitz mozketa masiboen ondoren beste toki batean bizi naizela dirudielako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »