Erroskila zaporedun sorpresa-kutxa
Ez naiz batere pertsona mistikoa, baina Arratek badu zerbait nire barrenarekin konektatzen didana. Bizitza osoan zehar hainbat eta hainbat aldiz joatearen ondorio izango da, zelaia eta zuhaitzak nire eboluzioaren lekuko izango balira bezala. Arraterentzat ez dago sekreturik.
Gure Arrate. Horrela da gurasoen kuadrilakoen seme-alabentzat. Gu bezala, segur aski Arrate izan da kalekumeok naturarekin loturarik estuena izaten lagundu digun tokia. Paradisua abenturak maite dituzten umeentzat, bertako malda, zuhaitz eta izkina artean mila istorio asmatzeko aukera ematen dituelako. Eta munduko futbol zelairik onena lau jertse zutoin bezala jarri ondoren.
Hori bai, baloia maldan behera joanez gero, botatzen duena joan behar da bila. Kontuz asunekin.
Umeentzat paradisua eta txirrindularientzat infernuko bidea Santutegian zerua ukitu arte. Egun batez munduko kirolgunerik zirraragarrienak bihurtzen dira etxe alboan ditugun maldak.
Zarata gehiago egiten zuten ziztu bizian igotzen ziren lasterketa-autoek, bihurgune bakoitzean bizia arriskuan jarriz. Eta merezi zuen ba gora bizirik iristeak, bertan jan zitezkeelako munduko kroketarik onenak. Arrate beti izango da Kantabria.
Zarata, orain, auto beltz erraldoietan datozen tiratzaileek sortzen dute, ingurunea laranja kolorez jantziz.
Hori eta gehiago da Arrate, denontzako tokia dagoelako bertan. Mojen egoitza da eta, era berean, gazteek drogekin eta lokatz arteko sexu harremanekin esperimentatzeko espazioa. Erroskila zaporedun sorpresa-kutxa bat.
Dena da posible bertan eta sinesten ez dutenek ere fedea diote Ama Birjinari. Domekan kandelak ixotuko dizkiote elizan. Ados, baina gorde pare bat euro Kittonbolarako.