Ekhi Belar
Ekhi Belar

Ezin da ezer esan

2025/06/06

Zezenzaleek esaten duten bezala, “a puerta gayola” hasiko dut artikulua. Ez naiz zezenzalea, baina erreferentzia horrek zentzua hartzen du esaten badut Andres Calamaro izan dela inoiz gehien eragin didan musikaria. Gaur egun pertsonaia jasanezina (besteak beste) iruditzen zait, baina zer egingo diogu ba!

Tira, kontua da orain dela pare bat aste, Cali-n (Kolonbia) kontzertua eskaintzen ari zen bitartean, bere emanaldietan ohikoak bihurtu diren zezenketen aldeko aldarriak egin zituela. Publikoak ez zituen ondo hartu argentinarraren berbak eta txistuka hasi zen. Noski, Calamaroren egoa edozein buila baino handiagoa da eta eszenatokia laga zuen: “Kantzelatuta zaudete, zoazte betiko!”. Erantzun bitxia adierazpen askatasunaren aldeko aldarri sutsua egiten duen artistarentzat. Adierazpen askatasuna bai, baina nirea bakarrik. “Gauza politikoki zuzenak eta kantzelazioaren kultura eldarniozko kotetara iristen ari dira”, esan zuen behin Calamaro berak. Bai Andres, noski, orain ezin da ezer esan.

Pablo Motos eta Iker Jimenez bezalako enparauek ere hori bera diote, eurek zuzentzen eta agintzen duten programetan, telebistaren beste aldean milioika ikusle dituzten bitartean: “Gaur egun ezin da ezer esan”.

Berri txarra eurentzat: gaur egun mezuak norabide bakarrekoa izateari laga dio eta gizarteak baditu ahalduntze eta modu nahikoak ondo iruditzen ez zaizkion mezuei aurre egiteko. Are gehiago, hainbesterainokoa da gizartearen iritziaren indarra, Israelek Palestinan egiten duena orain arte gutxienez zuritu eta gehienez babestu duten hedabide erraldoiek ere, bat-batean, inongo lotsa barik, 180º-ko bira eman eta genozidioa salatu behar dela adierazten hasi direla.

Caitlin Johnstone kazetari australiarrak egin duen ikerketak, Argian irakurgai dagoena, The Financial Times, The Economist, The Independent eta horrelako hedabideek Israeli buruz idatzitako azken editorialetan egon den norabide aldaketa aztertu du. Munduko hedabide boteretsuenak orain konturatu dira bi urtez euren begien aurrean gertatzen ari den hori zer den? Ala, Johnstonek dioen bezala, “usaindu dute haizeak zer dakarren”?

Hedabideen boterea zenbaterainokoa den ez dut deskubrituko, baina hedabide independenteekin eta sare sozialekin, paradigma aldatzen ari ote da? Horrela bada, bai, Andres, badugu asko esateko.