Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Begirada berria"

2023/10/02
Mundua begirada berriarekin ikusten dut orain dela aste batetik hona. Ez zait Ama birjina agertu (ama bai, eskerrik asko), begietatik operatu naute. 30 urte inguruko erdi-itsumena hamar minututan konponduta. Batzuetan aurrerapenak ez dira beranduegi heltzen.

Begiak egoera berrira ohitzen doaz oraindik, baita ni ere. Goizean, esnatzen naizenean, eskua mesanotxera eramaten dut eta segundu batzuk ematen ditut han eta hemen ukitzen betaurrekorik behar ez dudala konturatu arte.

Ez da erraza urte askotan zehar izan duzun ohitura batekin egun batetik bestera amaitzea. Denbora kontua da eta, normalean, ohitura berriak sortuz lagatzen dira zaharrak atzean.

Eibarren, ostera, urteak (hamarkadak?) daramatzagu egoera berrietara ohitu ezinik. Iragan oparoan itsu bizi den herria gara, batzuek iragan hori bizi izan ez bagenuen ere. Horren oinordeko gara, bai, baina gaur egun, apaingarriak jarri arren, grisagoa da gure herria.

Gauza onetara ohitzea erraza dela diote, baina guk ez dugu protesta asko egin egoera kaxkarrago batera ohitzen joan garen arren. Beti eibartarrak izateaz harro. Zer gehiago behar dugu?

Hilero iristen diren langabezia datu kezkagarrietara ohitu gara. Abuztuko datuen arabera, %11,84koa da Eibarko langabezia-tasa (ez dakit noiztik ez garen %10etik jaitsi), Debabarrenekoa %10,19koa eta EAEkoa %7,4koa diren bitartean.

Ohitu gara ere inoiz herriko ikur izan diren eraikinak hutsik ikustera. Hor ditugu, besteak beste, fabrikak, Untzagako zinema eta, orain, herria salbatu behar zuen El Corte Inglesen kristalezko opari erraldoia. Ez da hori bezain eraikin huts ederragorik egongo.

Eta, atzera baino, aurrera begira jarriko bagina? Operatu arren, gure etorkizuna ez dudalako batere argi ikusten.