Iokin Elortza
Iokin Elortza

"Argi urdina"

2019/05/09
Gaur egun etengabe erabiltzen ditugun telefono mobil, portatil, tablet eta guzti horiek argi urdina emititzen dute nagusiki euren pantailetatik.

Gailu horiek gure bizitzan onura asko ekarri badizkigute ere, gure osasunean kaltegarri diren ondorio batzuk ere ekarri dituzte. Ezagunenak: begietako arazoak, lehortasuna, ikusmen borrosoa, gorritasuna eta, horren guztiaren ondorioz, buruko minak etabar luzea.

Baina badira hain ezagunak ez diren eta osasunerako kaltegarriak ere badiren beste ondorio batzuk. Adibidez, loa hartzeko, edo insomnioan, dute eragina.

Gure gorputza, eguzkiaren argia joaten denean, melatonina hormona askatzen hasten da gorputzari lo egiteko ordua heltzen ari dela abisatu eta loari hartzen laguntzen joateko.

Baina, ikerketa guztien arabera, gailu horiek emititzen duten argi urdinaren ondorioz, gorputzak ez du melatonina hori askatzen eta, beraz, gorputzari informazio hori ez zaio heltzen.

Horrek eragin zuzena eta handia dauka gure loaren kopuru eta kalitatean. Are gehiago, askotan, mobilarekin ohera joan aurreko momenturaino, edo ohean bertan ere erabiltzen dugunean. Kasu horietan gorputzak ez du lo egiteko ordua dela abisatuko dion melatoninarik edukiko, eta denbora luzeagoa beharko du loa hartzeko.

Arazo hori ekiditeko, badira gailu horiek emititzen duten argi urdina saihesteko filtroak, aplikazioak etabar luzea. Baina erremedio guztietatik eraginkorrena ohera joan aurretiko azken bi orduetan mobilarekin ez ibiltzea da. Lortuko ote dugu?