Iokin Elortza
Iokin Elortza

Farmazialarien mundu eguna

2024/10/11

Joan den irailaren 25ean Farmazialarien Mundu Eguna ospatu genuen. Egia esan, oso lanbide baloratua eta gertukoa da gurea gizartean, baina baita ezezaguna ere kasu askotan. Askok pentsatzen dute gure lana farmaziako atetik norbait sartzeko zain egon eta dagozkion botikak ematea dela. Eta bai, hori ere bada, baina baita gauza askoz gehiago ere.

Sendagaiak emateaz gain, funtsezko zeregina dugu prebentzioan, laguntzan eta aholkularitzan. Lehen lerroan gaude, eta, kasu askotan, osasun-arazo baten aurrean gertukoen gauden osasun langileak gara. Horrek, aukera ematen digu gaixotasunak goiz detektatzeko eta beharrezkoa denean osasun arretara bideratzeko.

Pandemian zehar argi ikusi zen farmazialariak funtsezkoak ginela, eta nahiz eta orain horren nabarmena ez izan, funtsezkoak izaten jarraitzen dugu, are gehiago osasun sistemaren azken garaietako gabeziak ikusita. Jendearen beharrei erantzuteko zabalik egon ginen eta beti egongo gara, gure hurbiltasuna baita gizarteari gehien lotzen gaituena.

Osasunari buruzko aholkuak ematen ditugu, sendagaiak behar bezala hartzea sustatzen dugu, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei lagundu eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu: tentsio-kontrola, diabetesari buruzko kontrola eta abar luze bat gizartearen ongizatea lortzeko.

Badakizue beti egongo garela hor, zuek artatzeko,  konfiantzazko harremana sortuz eta laguntza emozionala eskainiz. Guk horrela sentitzen dugu gure lana, baina zuek nola ikusten gaituzue?