Iokin Elortza
Iokin Elortza

Botikak ondo hartu

2025/05/30

Gaurkoan botikan sarri ikusten dugun arazo batekin nator: botikak behar bezala ez hartzea.

Askotan, adinean gora egin ahal, botikak ondo hartzea erronka bihurtzen da eta ohikoa izaten da botikak hartzea ahaztea, dosi bikoitzak hartzea edo botika bakoitza zertarako den ez jakitea. Gainera, normalean hartu beharreko botiken kopurua denborarekin handituz doanez, zailtasunak ere handituz doaz.

Egunero ikusten dugun egoera da hau eta, nahiz eta aipatuko dizuedan zerbitzua oso ezaguna ez izan, horrelako egoeretan ere badugu nola lagundu.

Farmazia askotan aste osoko botikak prestatzeko zerbitzua eskaintzen dugu; botikak hartzeko orduan zalantzarik eta akatsik egon ez dadin, medikazio guztia egunerako eta orduka antolatuz. Adibidez, astelehen goizean hartu beharreko botika guztiak “Astelehen goiza” jartzen duen pastilleroko atalean edukiko dituzu. Horri esker, botikak zuzen hartzea errazagoa da. 

Zerbitzu horri normalean “Asteko pastilleroa” deitzen diogu eta, zoritxarrez, ez da behar beste ezagutzen.

Gainera, udalerri askok, Eibar barne, zerbitzu hori finantzatzen dute, beharrezkoa duten lagunentzako zerbitzua doakoa bihurtuz. 

Osasuna zaintzeko pauso txiki bat da, baina zerbitzu txiki horrek oso onura handiak ekartzen dizkie erabiltzaileei. Hartu gabeko botika-kopurua asko jaisten da, botika berdina ezin da bi aldiz hartu, eta botika bakoitza dagokion orduan hartzen da. Oso erraza da eta, zergatik ez esan, oso merkea.

Denok dugu buruan zerbitzu hori ondo etorriko litzaiokeen norbait. Ba ez eduki zalantzarik eta galdetu lasai edozein farmaziatan edo Eibarko Udalean.

Zaindu!!!