Iokin Elortza
Iokin Elortza

Euskarak sendatzen du

2026/05/29

Zorionez badira gorputza eta bihotza osatzeko farmazietan saltzen ez diren sendagaiak. 

Ez datoz kutxa batean, ez dute prospekturik eta ez dira urarekin hartzen, baina sendatzen laguntzen dute. Gure herrian, horietako bat, euskara da.

Denok sentitu dugu noizbait euskaraz bakarrik ateratzen zaizkigun hitzak; nola azaldu bestela larri edo lehertuta nagoela, edo betekada batean. Hizkuntzak gerturatzen gaitu. Etxekoagoak egin, afinitatea sortu. Euskarak, azken finean, gure arteko distantzia txikitzen du.

Osasuna ez da gaixotasunik ez izatea soilik, ondo sentitzea ere bada. Entzuna sentitzea. Ulertua izatea. Eta horretan, hizkuntzak garrantzi handia dauka. Ez da gauza bera medikuak, farmaziako langileak edo inguruko pertsona batek “zer moduz zaude?” zure hizkuntzan esatea. Lasaitasuna ematen du. Konfiantza. Hurbiltasuna.

Gure lanean oso nabarmena da hori. Askori euskaraz hitz egiten diegunean aurpegia aldatzen zaie, erlaxatu egiten dira. Etxean bezala sentitzen dira, baita gu ere.

Euskara ez da komunikatzeko tresna bat soilik. Nortasuna ere bada. Lotura bat. Babesleku txiki bat, eta horrek gure ongizatean eragina dauka. Gure osasunean.

Horregatik, batzuetan, euskaraz entzundako “lasai”, “hemen gaude” edo “ondo aterako da” batek, botika batek baino indar gehiago eduki dezake. Ez gaitu sendatuko, baina hobeto sentitzen lagunduko digu. Eta, hori ere, osasuna da.

Zoritxarrez orain, noiz ez, euskarak gu behar gaitu, badirudi bere osasunak txarrera egin duela, lehen ona ez bazen, orain gehiago makaltzen ari zaigula. Eta berarekin, nola ez, gu ere osasuna galtzen goaz. Nork ez du askotan euskararen egoera ikusita bihotzeko mina sentitu. 

Orain, berriz ere, guri dagokigu gure hizkuntza zaintzea, osatzea eta maitatzea, eta zoritxarrez, egoera ez da epelkeritan ibiltzekoa.