"Medikamentu falta"
Ohiko botika behin eta berriz ezin duzunean jaso, zer demontre gertatzen ari den galdetzen diguzue, eta ez zaigu erraza egiten momentuan azaltzea. Horregatik, oraingoan gabezi horien zergatia azaltzen saiatuko naiz.
Egia da faktore ugari daudela, baina arrazoi nagusi bat esan beharko banu, medikamentuen prezio baxua dela esango nuke. Bai, medikamentuak gaur egun merkeegiak dira hemen. Hori azaltzen saiatuko naiz.
Zer ari da gertatzen gaur egun elikagaiekin? Lehengaiak igo dira, garraioa, energia… Dena doa gora eta, ondorioz, elikagaien prezioa asko igo da, erosketa egiten dugun bakoitzean nabaritzen dugu.
Ba berdina gertatzen ari da botikekin, lehengaiak igo dira, garraioa, energia…. Dena doa gora, baina medikamentuen prezioa ez. Prezio finkatua dutenez, ezin dira igo. Eta hor dago arazoa.
Gaur egun, munduko medikamentuen fabrikazio ia osoa Indian eta Txinan dago, eta horiei ez zaie interesatzen medikamentuak guri saltzea, merkeegi erosten ditugulako. Eurentzat ez da errentagarria eta, ondorioz, produkzioa gehiago ordaintzen dieten beste merkatu batzuetara bideratzen ari dira.
Eta egoera hobeto ulertzeko pare bat datu emango ditut.
Botika generikoen erdiak 1,60 euro baino gutxiago balio dute. Farmazian saltzen ditugun gozokiak baino gutxiago.
Eta badakizue noiz izan zen botikak prezioz igo ziren azken aldia? 1983. urtean. Orduan, 120 pezeta baino gutxiago balio zuten botikek %25eko igoera izan zuten. Ordundik ezer ez. Botikak etengabe jaisten joan dira, gaur egun horietako asko gozokiak baino merkeagoak izan arte. Eta pena da, horrek guztiak botika berriak sortzeko behar diren inbertsio handietan ere eragiten duelako. Eta hori funtsezkoa da.