“Aroaren proposamena” (Felix Morquecho)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Aroaren proposamena” (Felix Morquecho)
ETA KITTO 2021, Eka 07

Bertsolari baten azalean jarriko naiz zutabe hau idazteko orduan (lasai, ez dut abestuko). Nire zortzi urteko alabak esaldi bat proposatuko dit eta hori abiapuntu hartuta inprobisatzera ausartuko naiz. Berari teklatua utzi, danbor-arradak, ratatata… Eta hara hemen Aroak idatzi didana!: “Ni profesionala naiz argazkiak egiten, eta nire familia asko maite dut”. Ea, zer botako dugu bat-batean?

Alde batetik egia bi dauzkagu: bata nire ogibidea da, eta, bestea ere, zer esanik ez, egia da. Baina nola uztartzen dira biak? Batek baino gehiagok pentsatuko du argazkilari baten familia beste edozein baino “tirokatuagoa” egongo dela, klik, klik eta klik opor, jai edo eguneroko minutu guztietan. Ba, sentitzen dut, ez da nire kasua. Seguru nago kuadrillatik harago joan gabe egongo direla seme-alaben nik baino argazki gehiago dituztenak. Zergatik? Batzuetan kamara alde batera utzi nahi duzulako lana bukatu eta gero, bestetan ingurua fotogenikoa ez delako (emaitza txarra lortzeko hobe ez nekatzea), akaso ‘modeloak’ gogo gutxi duenean badakizulako nekez lortuko duzula argazki txukuna…

Horregatik atentzioa eman zidan joan zen astean Tino Soriano argazkilariari buruzko dokumental batek. Eibarren egon zen 2013. urtean Eibarko Klub Deportiboak gonbidatuta. Bere lana argazki eta erreportaje itzelez beteta dago, mundu osoa zeharkatu du National Geographic bezalako aldizkarientzako lanean. Baina bere alaba jaio zenean Tinok haren lehen urtea dokumentatu zuen. Akaso argazkiak etxerako ateratzen hasi zen, baina erreportajeak El País Semanal-en lehen orrian bukatu zuen. Irudiek bere zigilua zeukaten, umorea, samurtasuna, pertsonen garrantzia… Eta hori guztia familiatik atera gabe. Askotan esaten da paisaia ederrenak etxetik gertu ditugula, ba, are gehiago etxe barruan: “Ni profesionala naiz argazkiak egiten, eta nire familia asko maite dut”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »