Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Galdera eta zenbakiak, Turkia edo Ukraina?"

2023/02/20
Guk geuk egiten ez ditugun galderak, umeek egiten dizkigute noizean behin.

Orain dela egun gutxi Turkia eta Siria aldetik berri ikaragarria etorri zitzaigun. Naturak bere aurpegi latzena erakutsi du sekulako lurrikara baten bidez. Bizi dugun komunikazioaren garaian, berehala ikusi ditugu eraikinak okertuta, aurretik pisu askoko etxeak zirenak harri-mendi bihurtuta, negarrak, mina, beldurra...

Lehen lurrikaratik bi edo hiru egunetara nire semeak galdera bota zidan: “Non egon dira hildako gehien, Turkiako sismoan edo Ukrainako gerran?”. Albiste guztien artean seguru zenbakiak atera direla alde batetik edo bestetik, baina ezin nion erantzun momentuan galdera horri. Ordu batzuetara goizeko galdera gogoratu nuen eta erantzunaren bila jarri nintzen. Momentu horretan 7.000 hildako aipatzen ziren Turkian eta Sirian, nahiz eta zenbakiak ez ziren behin betikoak (lerro hauek idaztean 30.000 inguru aipatzen ari dira komunikabideetan). Baina Ukrainako gerrako ondorioak begiratzean ezin nuen sinistu. Laster urtea beteko duen guda honetan 240.000 pertsona inguruk galdu dute bizia. Zenbaki horiek hildakoak erakusten dizkigute, agian errealitate gogor horien alderik latzena, baina ez dira horrelako egoerak pairatzen dituzten bakarrak. Hildako bakoitzaren atzetik haien familiak eta lagunak daude (onik ateratzea lortu badute), etxea atzean utzi behar izan dutenak, aurreko bizitza deuseztatuta ikusi dutenak... Bai naturaren fenomeno baten ondorioz, bai gerraren ondorioz.

Egun hauetan begiradak Turkia edo Siriako eraikinetan jarri dira, ea aproposak ziren materialak, ea etxeak eraiki behar ziren arrisku sismikoa duten leku horietan... Erantzunkizunak badaude, bai, baina kalte horien sorrera ez dago gizakien esku. Bestean... bestean bai, gizakiak gara gerra hasi, eutsi eta elikatzen dugunak, eta ikusi dugu horren ondorioak lurrikara ikaragarri bat txiki-txikia uzten duela, zenbakiak agerian.