"Ez da normala"
Horrelako jarrerak normaltasunez jasan ditugu kirolak ikuskizun kutsua hartu duenetik. Sarrera ordaindu (ala ez) eta barra librea ahotik pasatzen zaigun guztia botatzeko. Baina zorionez gauzak aldatzen doaz. Lehen normaltzat jotzen genuen norbait medikuaren kontsultan erretzen ikustea, eta orain ez zaigu burutik pasatzen. Ba gauza hauekin berdin gertatu arte jarraitu behar dugu. Ez da normala hamar urteko ume koxkorrak arbitro bati denetarik esaten entzutea. Ez da normala berrogei urteko heldu bat arbitro bati denetarik esaten entzutea. Ez da normala gazte batek bere adineko jokalari bat iraintzea. Ez zait normala iruditzen, eta berdin zait jokalariak edo epaileak ondo egin duen bere lana egun horretan edo ez. Jarrera horiek barru-barruan sartuta ditugu, eta ondokoari diogun begirune faltatik hasten dira.
Azken bi urtetan infantil mailako saskibaloia ikustea tokatu zait. Egunen batean entzun izan dut arbitroa ez dela fin ibili, baina niri burura etortzen zaidan bakarra zera da, tipo horrek bere denborako bi ordu eman dituela nire semeak eta bere taldekideak jokatu ahal izateko. Agian, arbitro, jokalari edo delako horren atzean pertsona bat dagoela pentsatzen dugunean bide onean ibiliko gara.