Feminista zara. Feminista naiz
Zu, bozgorailu eta guzti manifestaldiko lehen lerroan jartzen zaren hori. Zu, egunkaria zabaldu eta M8ari buruzko orriak salto batean pasatzen dituzun hori. Zu ere, aurten aterki morea erosi eta, ateri egon arren, goiz osoa zabalik eraman duzun hori. Zu, gaztetan, tabernetan ipurdia hainbatetan ukitu zizuten eta, minduta sentitu arren, “normaltzat” jo zenuen hori. Zu, haserre zeundela, neska-lagunari oihu egin eta egun hori burutik kendu ezinik bizi zaren hori. Zu, txapa more bat soinean eramateak lotsa ematen dizula-eta logelako argazkien artean itsatsi duzun hori. Zu, eskolako patioan neskengana hurbiltzen ez zaren mutil hori. Zu ere, jubiletxeko atean andreei atea zabaltzen diozun hori. Zu, autobusera igotzean bolantean lehen aldiz neska bat ikustean harrituta amari kontatu zenion gazte hura. Zu, gaueko ordu txikietan laguna -neska- etxeko portaleraino lagundu zenuen hura. Zu, zure ikasleak mundu hobe baterako hezi nahi dituzun hori. Zu, gau batean ondo pasatzera irten eta zure mutil-lagun izatea nahi zenuen mutil guapo hark bortxatu zintuen hura. Zu, lagunei, zutaz gaizki pentsatu ez dezaten, zenbat bikote izan dituzun kontatu nahi ez diezun hori. Zu, alaba edukitzean, ezingo zela futbolaria izan pentsatu zenuen hori. Eta zu, feminista ote zaren galdetu dizutenean ezetz erantzun duzun hori, zu ere feminista zara. Feminista ez izatea matxista izatea delako, desberdintasunak egon nahi izatea, ez fisikoki, hor bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baizik eta eskubideetan eta aukeretan desberdintasunak izatea mutil edo neska jaiotzeagatik. Horregatik, era guztietako feministak egongo dira gure kaleetan, emakumeak eta gizonak, militante sutsuak edo jarrera apalagoa dutenak, baina seguru nago atzera jo nahi dutenak gutxiengo bat direla. Nahiz eta batzuetan, gutxi horiek, zarata asko egin.