Felix Morquecho
Felix Morquecho

Zenbakiak

2024/06/07

Zaharra sentitzen da Jone. 40. urtebetetzeak ez dio bakarrik poza eman. Be-rro-gei! Hori marka! Bere albotik Karmen pasatzen ari da eta irrifarra ezin du ezkutatu. 92 ditu eta begiratu zelako azala duen, ia ez du zimurrik... 92 urte edukitzeko. Pentsa, bera jaio zenean Eibarrek 12.000 biztanle inguru zituen, gutxi. Beno, gutxi gaurko 27.000 eibartarrekin konparatuta. Orain asko gara... baina gehiago ere izan ginen, ia 40.000 Joneren gurasoak elkarrekin ateratzen hasi zirenean.

27.000 jende piloa da. Kalera atera eta batzuetan gehiago ere ematen du. Baina egun batean begiratzen duzu foball-zelai horietako edukiera eta, hara, 60.000 eserleku. Zas!, asko ginela pentsatzen genuen eta begira, den, den, denak joanda ere, ume txikienak sartuta eta egoitzetako zaharrenak ere, ez genuke zelai horretako erdia ere beteko. Baina 60.000 eserlekuko estadio hori txikia da 80.000 edo 90.000 lagun sartzen dituenen ondoan.

Horrelako zenbakiak ikustean gure Astelena pilotalekuko irudia etortzen zait burura. Gabonetan, San Juan egunean... hori giroa! Frontoia zaletuz gainezka eta punta puntako pilotariak kantxan. Jende piloa eserleku eta pasilloetatik. Zenbat? 1.200. Aurreko eszenatokien ondoan huskeria, baina Aspeko lagunentzat lana ematen du sarrerak banan-banan saltzea, batez ere beste egun horietan, frontoia betetzen ez denean. 

Orduan ere sarreraren bat pilotari gazteei ailegatzen zaie. 13 urteko atzelari horrek, Mikelek, pilotariak heroiak bezala ikusten ditu. Debutatu berri dagoen nafar horri itxura ona hartzen dio. 19 urte ditu, Mikel baino apenas 6 urte zaharrago, baina bere karnetak nagusia dela dio, zera... zaharra. Zaharra Mikelen begietan, baina Jonek begiratzen duenean ume bat dela dio. Eta atzetik, irrifar bat erakutsiz, Karmenek guztiak ikusten ditu: “Gaztetxo halakoak...”.