Iokin Elortza
Iokin Elortza

"Artritisa eta artrosia"

2021/12/03
Gaixotasun horiek, oso ezagunak izanik ere, ez ditugu askotan ondo ezberdintzen eta nahastu egiten ditugu. Sintomak nahiko antzekoak izanik, artikulazioen gogortzea eta mina, ez dakigu ondo noiz ari garen bataz edo besteaz.

Saiatuko naiz gaur, luzatu gabe eta ahalik eta zehatzen, bien arteko ezberdintasunak azaltzen.

Artrosia gaixotasun degeneratibo bat da, adinarekin eta beste faktore batzuen eraginez (menopausia, obesitatea, mugimendu mekanikoak…) sortzen dena. Artikulazioak babesten dituen kartilagoa desagertzen doa, hezurrek beraien artean talka egiteraino.

Artritisa aldiz, gaixotasun inflamatorioa da, eta artikulazioak babesten duen mintz sinobialaren hanturagatik sortzen da. Bere jatorria ezezaguna izanik ere, arrazoi genetiko eta infekziosoekin lotzen da.

Bi horiek dira 50 urtetik gorako pertsonen artikulazioetan ematen diren gaixotasun nagusiak eta, biak kronikoak izanik ere, sufritzen dituztenek ondo dakite neguko hotzekin sintomak areagotu egiten direla.

Argi utzi behar da, hala ere, hotzak ez dituela gaixotasun hauek okertzen, baizik eta sintomak areagotzen  ditu soilik. Hotzarekin artikulazioetan odol isuria murrizten da eta, horren eraginez, mina eta artikulazioen gogortasuna areagotzen dira.
Gaixo bakoitzean hotzak eragin ezberdina izan arren, orokorra da nolabaiteko sintomen areagotzea, baina badaude sintoma horiek ahalik eta leunen igarotzeko zenbait gomendio.

Adibidez, artikulazioak ariketa arin baten bitartez egunero mugitzea, dutxan artikulazioei ur beroa botatzea, bero zuzena jartzea (manta elektrikoak, hazien poltsak..), masajeak, artikulazioak erropekin hotzetik ondo babestea, edo, behar denean, analgesikoren bat hartzea.

Ez da negua garai ona gaixotasun hauek pairatzen dituzuenentzako, animo eta zaindu.