Iokin Elortza
Iokin Elortza

“Zelulitisa”

2022/05/16
Ez, ez nator milagrorik eskaintzera, honetan ere milagrorik ez dago.

Zelulitisa oso gaitz ezaguna da, gaitz gehienbat estetikoa, baina, infekzioa medio, larriagotu eta arazo medikoa bihurtu daitekeena. Baina, badakizue lagunok, kasu gehienetan estetikoa denez, urte osoan zehar zaintzen egon beharrean, hondartzan pentsatzen hasten garenean gogoratzen gara berataz. Zer egingo diogu ba, gure estiloa.

Baina zer da zelulitisa.
Gehienetan oinarri hormonala duen eta ur-erretentzioa eta hanturarekin batera sortzen den koipe-metaketa lokalizatu bat da zelulitisa, eta ez dauka zer ikusirik gizentasunarekin. Arazoa, gehienbat, hanketan sortzen da eta baskularizazio arazoak ere sortzen ditu. Horrek, azalaren itxura aldatzeaz gain, gogortasuna eta mina ere eragin ditzake.

Eta zer egin dezakegu?
Alde batetik, bizitza osasungarria izan, hau sorpresa; ez erretzea, alkoholik ez edatea, janari pikante gehiegirik ez jatea, elikadura osasungarria edukitzea…. Horrek guztiak koipe-metaketa txikiagoa izatea eragingo du eta baita odolaren zirkulazioa hobetu ere (horregatik pikantearena, arraroa egin zaizu, ezta?).

Ariketa fisikoa ere oso garrantzitsua da. Gorputzeko koipea linfa-sistemak dreinatzen du, eta hori ez da bihotzaren bidez ponpatzen, giharren kontrakzioen bitartez ponpatzen da eta horretarako ariketa behar da. Probatu duzue igogailua utzi eta etxera eskaileretatik igotzea?

Eta, azkenik, gaitza hobetzen lagun diezaguketen produktuak ere badaude. Alde batetik, ur-erretentzioa dreinatzeko produktuak. Askotarikoak, anana, te Berdea, urkia… osagai ezberdinez osatutakoak. Horiek, bide batez, hantura jaitsi eta baskularizazioa hobetuko dute. Eta, bestetik, koipea deusestatzen laguntzen duten produktuak. Horien artean ezagunena, kafeina. Lipasa entzima aktibatu eta lipolisia handitu eta mikro-zirkulazioa hobetuko du.

Beti ere lagungarria da produktu horiek masaje baten bidez hartzea eta astean behin azalari exfoliazio bat egitea, printzipio aktiboak azalean hobe sartu eta eragin handiagoa lortzeko.

Esandakoa, ez dago milagrorik, baina gauzak ondo eginez hobetuko ditugu. Zaindu.