“Artsenikoa eta arroza” (Jaione Yeregi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Artsenikoa eta arroza” (Jaione Yeregi)
ETA KITTO 2019, Mai 30

Gero eta gehiago hitzegiten da elikagaietan dagoen artsenikoaren presentziaz. Artsenikoa izatez mineral natural bat da. Prozesu naturalen eraginez lurrean zehar mugitzen da: sumendien eraginez, basoetan sortutako suteen ondorioz, edo harkaitzen eta mineralen erosioz. Ingurumenean ere aurki dezakegu bere presentzia: industria emisioengatik, erregai fosilek sortzen duten energiarengatik, herbizida eta insektiziden erabileragatik…

Artsenikoa bi era kimiko desberdinetan aurki dezakegu: organikoa eta inorganikoa. Osasunarentzat arriskutsua era inorganikoa dela esan dezakegu. Artseniko maila altuekiko kontaktu luzearen ondorioz azalean lesioak, pigmentazio aldaketa, hanka azpi eta eskuetan gogortasunak, minbizia… aurki edo azal daitezke.

Nahiz eta zereal desberdinetan, esnean, esnekietan eta uretan artseniko inorganikoa aurki dezakegun, arroz osoa da artseniko gehien eduki dezakeen elikagaia. Arroz landarea uretan hazten denez, beste landareak baino artseniko kantitate gehiago xurgatzen du.

Txinan, 2006. urteaz geroztik dago erregulatuta arrozean dagoen artseniko kantitatea. Espainian, aldiz, 2016tik ari dira pausoak ematen norabide hontan. Gaur egun onartzen den artseniko inorganikoaren kantitea 200 ug/kg-koa da.

Espainiako laborantzan egin dituzten ikerketen emaitzak hauek dira: Extremaduran eta Portugalen: 87 ug/kg; Katalunian: 80 ug/kg; Aragoin eta Nafarroan: 67 ug/kg; Valentzian: 63 ug/kg; Murtzian: 57 ug/kg; Andaluzian: 54 ug/kg.

Ikus daitekeen bezala, onartzen den neurria baino gutxiago daukate denek. Beraz, penintsulako arroza jateak neurri bateko bermea ematen digu.

Hona hemen elikagaietatik eta, konkretuki, arrozeko artseniko kantitatea murrizteko gomendio batzuk:
– Beratzen eduki zortzi bat ordu.
– Ur desberdinetan garbitu, ura argi-argi geratu arte.
– Ur askorekin egosi eta, ondoren, soberan dagoen ura bota.

Guzti hori ikusi ondoren, argi dago arroz osoa lasai jan dezakegula. Eta merezi duela emandako gomendioak jarraitzea, arroz osoak eskaintzen dizkigun onurak eskaini diezazkigukeen kalteak baino askoz ere gehiago direlako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »