Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

Ikasturte berriaren atarian zer hausnartu eta zer aldatu

2024/10/08

Estatu mailan baino egoera hobea dugun arren, Euskal Herriko haurren gizentasun tasa geroz eta altuagoa da. Zer egiten dugu gaizki? Presaka bizi gara, eta gurasoon denbora faltak haurren elikaduran eragina du.

Garrantzi handia dauka eta denbora eskaini behar diogu menuak planifikatzeari, elikagai osasuntsuak erosteari, elikagaiak elkarrekin prestatzeari….

Denbora falta eta presak aitzakitzat hartuta,erosketa eredua ere asko aldatu da. Elikagai prozesatuak egunero kontsumitzen dira etxe askotan. Horiek balio nutritibo gutxi, eta azukre eta gantz asko izaten dute, eta ondorioz, haurrek hartu beharko luketena baino 3-4 aldiz azukre gehiago jan ohi dute. Publizitateak eta marketinak ere zeresana izaten du horretan. Iragarkiek gehienetan produktuen alderdi positiboa azpimarratzen dute, kaltegarriak diren osagaiak ezkutatuz. Hala, haur txikien lehenengo papillak, jogurtak edo gailetak ezinbestekoak eta osasungarriak balira bezala saltzen dizkigute, eta, nahi gabe, txikitatik azukre mordoa ematen diegu. Koxkorragoak direnean ere, egunero kontsumitzen dituzte opil industrialak, zuku eta batido komertzialak, gailetak… betiko fruta eta ogitartekoa baztertuz.

Aipatu beharreko beste puntu garrantzitsu bat erosotasunez josita bizi garela da. Ariketa fisiko gutxi egiten dute haurrek eta pantailen aurrean ordu asko pasatzen dituzte. Horregatik, oso garrantzitsua da jolas aktiboa bultzatzea umeen artean, eskoletan nahiz etxean. Gurasook ere badugu zer hobetua alderdi horretan, pantaila bat eskaintzea baino osasuntsuagoa baita seme-alabei gure denbora eskaintzea.

Bestalde, faktore emozionala eta haurren elikadura elkarri lotuta daude. Estresa, antsietatea, presioa edo asperraldia kudeatzen ez dakiten haurrek ohitura txarrak hartzeko joera handiagoa izaten dute. Garrantzitsua da helduok haurren bidelagun izatea sentimendu horiek bideratzen erakusteko. Mahai bueltan familiak pasatzen duen denbora aproposa da horretarako.

Piramide nutrizionala edo elikagaien gurpila tresna garrantzitsuak ditugu gauzak ulertu eta ondo egiten hasi nahi badugu. Baina kontzientzia da landu behar duguna. Hori lortzen badugu, fresko gehiago eta enbasatu gutxiago erosiko dugu, sukaldean denbora gehiago pasako dugu, mahaian elkarrekin eseriko gara, kirol gehiago egingo dugu haurrekin, egarria dutenean ura emango diegu, eta erosketak egiterakoan informazio nutrizionala irakurri eta kritikoagoak izango gara. Hori da bidea!