Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Gozatu mendian"

2023/01/30
Jakina da gure herrian mendira joateko dagoen zaletasuna. Are gehiago konfinamendua malgutu zigutenetik. Kalera irteten utzi zigutenean, inguruko mendiak jendez bete ziren. Gaur egun zaletasun horri eusten dion hainbat eta hainbat pertsona dago. Baina mendi buelta edo trabesia bat egiteko orduan, eraman beharreko elikagai eta mantenugairik egokienak zeintzuk diren izaten da zalantzarik handiena.

Ibilbidea distantzia eta intentsitate ertain edo baxukoa bada, ez da hain beharrezkoa elikagairik jatea. Bai, ordea, ibilbidea bukatu ondoren oxidazio zelular eta giharren errekuperaziorako.

Elikadura ez da berdina izango egunerokotasunean, irteeraren aurreko egunetan eta irteerako egun berean.

Egunerokotasunean, gure elikaduran sartu beharrekoak dira: barazkiak, kalitatezko proteinak (arraina, arraultzak, okela, lekaleak…); koipeak (animalia nahiz landareetatik eratorriak, fruitu lehorrak, haziak….); karbohidratoak (zereal osoak, kalitatezko ogiak, tuberkuluak….); eta fruta freskoak.

Irteerako egunean, kontuan izan gihar-lana eta liseriketa- edo digestio-lanak elkarrekin ez datozela bat. Beraz, gihar-lana egitean, hobe liseriketa-lan gutxi edo batere ez izatea.

Garrantzitsuena, irteerari ekin aurretik ganoraz gosaltzea da. Irteerak lau ordu baino gutxiagoko iraupena badu, ez da beharrezkoa ezer jatea. Zerbaiten beharrean aurkituz gero, zerbait arina eta azukreduna izatea komeni: platano bat adibidez. Inoiz ez jan aldapa gora hastear zaudenean, ez eta sprint bat egin behar denean ere. Ibilaldia bukatzear dagoenean edo bukatutakoan jan. Eserita, ondo murtxikatuz eta patxadan jan. Izerdituta bazaude, kontuz, hoztu gabe.

Ekidin elikagai prozesatuak, gailetak, gominola, patata frijituak… Fruta lehorrak jatea hobe: datilak, mahaspasak, pikuak, okaran lehorrak…. Kontuan izateko beste puntu bat hidratazioarena da. Elikagai gazi edo koipetsuak janez gero, egarria areagotuko zaizu eta kantinplorako ura aseezin bihur daiteke. Aldiz, fruta eta barazkiek ura bere konposaketan daramatenez, lagungarri izango zaizkigu. Produktu lehor eta liofilizatuek pisu gutxiago izaten dute, baina gero egarri handiagoa ematen dute eta gerta daiteke mendian iturririk ez egotea.

Beste aukera bat bokatak dira. Horiek aukeratuz gero, kalitatezko ogian, eta, proteinaz gain, tomatea, ahuakatea, azenarioa, rabanitoak, piperrak, erremolatxa… sartu dakiegula gogoratu.

Gozatu eta zaindu gure mendiak, inguru paregabeak ditugu-eta bertan.