Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Jengibrea eta kurkuma"

2023/10/10
Adina aurrera joan ahala gure artikulazio eta tendoiak gero eta zurrun edo gogorragoak bihurtzen dira. Ondorioz inflamazioa eta mina azaltzen dira. Gaitz hori ekiditeko ezinbestekoa dugu arreta jartzea elikaduran eta ariketa fisikoan. Muturreko kasuetan medikazio kimikoetara jo beharko dugu. Hortara ez heltzeko bi superelikagairi buruz arituko gara gaurkoan: Jengibrea eta Kurkuma.

Jengibrea Asiako hegoekialdetik dator. Badira 3.000 urte bertan lantzen dutela. Mineral ugari ditu eta C, B3 eta E bezalako bitaminetan aberatsa da. Bestalde, sodio, zink,magnesio eta burdin gutxi dauka. Hezurretako kalitatea ziurtatzen diguten fosforoa eta kaltzioa ere baditu, eta inflamazioa ekiditeko antioxidante asko ere bai. Odol zirkulazioa hobetzen digu eta artritis eta hilerokoaren minentzat lagungarri ere bada. Bestalde, gorputzeko tenperatura igotzen digu. Botagura eta zorabioen aurka ere lagungarria izaten da eta  liseri aparatuko Ph-a orekatzen laguntzen du. Jengibrearen onurak nabariak izateko, egunean gramo bat hartu beharra daukagu. Izan daiteke birrinduta, infusioan, hautsean janariari botata edo konprimatuta elikadura osagarri gisa. Kontuan izan behar dugu amoxizilina edo azitromizina bezalako antibiotikoak hartzen ari bagara ez dela komenigarria jengibrea hartzea, horien efektibitatea handitzen baitu.

Kurkumak ere Asiako hegoekialdean du jatorria. Indiar kulturan oso ezaguna eta erabilia da. Bere osagairik aipagarriena kurkumina da. Gaur egun ezagutzen den minbiziaren aurkako efekturik handiena duen elikagai edo espeziea da. Jengibrearekin batera, inflamazioaren aurka efekturik handiena duen sustraia da. Artikulazioen babesle aparta. Gihar, tendoi eta artikulazioetako mina ekiditen laguntzen du. Antioxidatzaile ona da. Lagungarri bilakatzen da hauentzat: depresio, Chron, alzheimer, psoriasis, kolitis, nefritis, arteroesklerosis… Kirola egin ondoren, neke gutxiago izaten laguntzen du eta gibel, kolesterol, triglizeridoentzat… ere mesedegarria da.

Kurkuminaren arazorik handiena bere xurgapena da, batik bat espezie gisa hartuz gero. Onurak igarri ahal izateko, eguneko 200 miligramo hartu beharko genituzke eta xurgapena ona izan dadin oinarri koipetsu bat ezinbestekoa da: esneki, olio… Baita piperbeltzarekin nahastuta hartuta ere. Bestalde, konprimituta hartuz gero, %90 xurgatuko dugun ziurtasuna dugu.
Kontuan izan behar dugu kantitate handitan hartuz gero, digestio-aparatua narriatu dezakeela eta, bestalde,  efektu  antikoagulatzailea duela.