Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Badator eukaliptoa"

2017/12/04
Konturatu zarete? Pinua gaixotu egin zaigu. Fusarium izeneko gaitzak erasanda, ihartu eta gorritzen ari zaizkigu mendi sail handiak. Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak pinua ordezkatzeko   eukaliptoaren aldeko aukera egin du. Orain gutxira arte zuhaitz horrek ez zuen gurean horrenbeste arrakasta, izotzak kalte egiten ziolako. Badirudi egokitu egin zaigula edota, agian, klima-aldaketak mesede egiten ari zaio. Pinuaren aldean azkarrago hazi eta urzale amorratua da, izugarria. Bere jatorrizko herrialdean, Australian, eremu hezeak lehortzeko erabiltzen dute, eltxo amorragarriak ezabatzeko. Bestetik, sua lagun du. Izan ere, eukaliptoak sua erakartzen du lehiakide dituen  zuhaitzak kanporatzeko, Galizia eta Portugalen maiz ikusten den bezala. Zalantzarik gabe,  egurraren industriarentzat aukera egokia da; ez horrenbeste baserritar, herritar eta ingurunearentzat. Ur-horniketa kolokan jarri eta landa-eremuetara hondamendi-arriskua dakarren erabakia hartu da bulego ilunen batean, eztabaida publikorik gabe. Zeini eskatu ardurak suteek bazterrak errausten dituztenean? Nor zoriondu aurrerantzean katarroa sendatzeko eukalipto-lurrinik faltako ez zaigulako? Batek daki. Hegemonia politiko iraunkorregi baten kapitulu berria.