“Baserria itotzen duelako” (Enrike Sosola)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Baserria itotzen duelako” (Enrike Sosola)
ETA KITTO 2020, Urr 23

Ez naiz eukaliptoaren aldekoa. Baserritarra izanik, nola ba? Izan be, arbola hau nagusi den lekuetan ez dago nekazaririk. Australiatik ekarritako zuhaitzak baserritarra lur-jabe huts bihurtu du. Begira ezazue zer gertatu den Galizia, Asturias, Portugal eta, zoritxarrez, Bizkaiko herri askotan.  Eta galdetuko duzue:  non datza bere kaltea?

– Oso azkar hazten da eukaliptoa. 15 urtean  gizendu eta mozteko moduan da. Horretarako lurrari asko kentzen dio eta oso gutxi eman. Ondorioz,  hurrengo  belaunaldiek lur antzuarekin egiten dute topo. Etxalde horretan erreleboa ezinezkoa da.

– Bizkor hazteko, ura ere izugarri behar du eukaliptoak. Australian, bere sorterrian, ur-putzuak sikatzeko erabiltzen dute, eltxo gogaikarriak desagertarazteko. Abereak dituzuen baserritarrak argi ibili! Zuen  auzoko mendietan eukaliptoa sartzen bada iturriak agortuko dira eta  behi-ardi-ahuntzek ezinbestekoa duten ur-horniketa arriskuan izango da.

– Sukoia da eukaliptoa. Sua erakarrri eta beste landareak menderatzeko erabiltzen du. Modu berean, inguruko etxe eta basoak arriskuan beti. Baserritarra beldurra aidean beti.

– Baso emankorrean basurde, orkatz, azkonarrek topatzen duten janik ez da eukalipto-landaketan. Nora joango dira gosetzen direnean? Nora izango da ba, nekazariaren zelai-baratzetara. Lehen gutxi ez eta…

– Tratantea pozik da eukaliptoa ugaritzearekin. Baserritarraren betiko bizkarroia.

– Eukaliptoaren landaketaren aitzakian lurra erosten dute zenbait dirudunek. Kapitala ezkutatuz , lur-premian dagoen inguruko abeltzain zein instalatzea nahi duen gaztearentzat izorrategia.

– Kaletar eta baserritarren arteko lubana handitu egiten du eukalipto-landaketa masiboak. Elkarrenganako aitortza urrunduz, kaletar batzuek baserritarra ingurumena kaltetzen duenaren irudiarekin gelditzen dira, eta baserritarra bezero horiek gabe.

Gora bioaniztasuna! Eukaliptoak ez du errurik. Monokultiboaren industriak du ardura nagusia. Landare ederra da, azkarra, gogorra, urdina. Gure semealaben etorkizuna hipotekatzea ez da eskubidea, astakeria da. Baso-kolore asko eta baserritar ugari behar ditugu.  Izan ere, zer  litzateke Euskal Herria nekazaririk gabe?

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »