Amañako Eskola
Ikastolan aritutakoa naiz. 1971n, frankismo betean, gurasoek bertan sartu ninduten eskola berri baten aldeko hautu bisionario ausarta eginda.
14 urte igaro nituen ikastolan, itinerantzian, eraikinez-eraikin, nomada, institutuan hasi arte.
Gerora kontu bitxi batetaz ohartu naiz: ikaskide izan nituen guztien artean ez nuen ume baserritar bakar batekin topo egin. Non ari ziren baserrikoak eskolak hartzen?
Hari eta honi galdetuta zera jakin dut: Santa Kruzeko eskola izan zela baserritarren eskola txikia 1956 arte, gerra garaian deseginda gertatu bazen ere; ondoren, urtebetez, Arrateko guardetxian izan zituztela klaseak umeok, maestrak gaurko Andiraoren elkartean bizitoki zuela; hurrengo ikasturtean autobús zerbitzua jarrita, Amañako eskolara bideratu zuten ikasle-taldea. Berau eskola nazionala izanik, maestro-maestra erdaldunek eta ikaskide kaletarren mespretxuek euskera eta batez ere baserritar izatea bera gorrotatzeraino eraman zituen ikasle bat baino gehiago.
Hortik gatozela ahaztu barik, urtebete pasatxo da ikastolan ikaskide izan nuen eta Amaña ikastetxeko irakasle denak etsipenez hauxe onartu zidan: “Gure ikasleen %100 migranteen semealabak dira”.
PISA emaitza desastrosoek asaldatu du iritzi publikoa. Inork ez du oraindik porrotaren ardura bere gain hartu, alferrik itxoin. Adierazpen-zaparradaren erdian ahots batek sumindu nau gehien, Begoña Pedrosa kontseilariarenak; haren iritziz “D eredua berrikusi beharra dago”, baina nondik? euskerafobo eta neofrankisten markotik? Alegia, euskerazko murgiltzea da zalantzan jarri behar dena orain?
Pedrosa Andrea: Ez da izango askoz errezagoa zaizuela euskera ikasgeletatik kanporatzea, pantailak kanporatzea eta liburu-arkatzak berreskuratzea baino? Ez da izango handiegi gertatzen zaizuela segregazio-egoera gainditzeko auzoz auzo guraso-berri guzti-guztiekin lanketa egitea (ezinbesteko dinamizazio, informazio eta babesa ) erosokerian nagitutako hezkuntzako kudeatzaileoi?
Andueza jauna: Zein ama-hizkuntzatan jardun behar dute ahaztuta dituzuen Amañako eskolako afrikar jatorriko ikasleek?
Beldurra gaindituz ausart eta ekintzaile jokatu zuten gure gurasoek pedagogia berritzaile baten bila. Pena handiz diot: balio horiek ez ditu behar beste hedatu arestiko irakaskuntza berrituak eibartarron artean. Nola azaldu bestela ikastetxe publikoen egoera tamalgarriari horrelako ezikusia egitea ikastola/eskola publikotik pasatako herritarrok.
Elefantea gelan dugu-eze, ikasgelan.