Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Baserritarrak behar ditugu?"

2021/07/05
Goizeko freskuran zebilen Jose Manuel lanean. Pinudi bota-berria garbitzen ari zen, egurrak traktorera kargatzen, aspaldi jubilatu zen arren. Holaxe, fin ari zela, Mandiola baserriko semeari ondoezak eman eta zendu zen zapatuan, bere jaiotetxean, kabi kuttunean. Goian bego eta dolumin sentituenak etxekoeri.

Badoaz baserritarrak, bagoaz poliki-poliki hiladan. Badatoz gazte gutxi batzuk, oso gutxi. Horixe da joera orokorra, errealitatea. Zaindaririk gabe gelditzen ari da gure lurra. Hori da nahi duguna?  Agian ez, edo agian  bai... ez dakigu. Bada garaia aklaratzekoa.  Garaia da elkarrekin  hausnartzeko eta ahal den neurrian geronek erabakitzeko seme-alaba eta biloberi utzi nahi diegun baserri-ingurua.

Eibarko HAPO-a berritzeko eztabaida-prozesua martxan omen da. Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (edo Plan Jenerala)  udalerriko lurzorua kalifikatu eta bere erabilpena arautzeko dugun tresna nagusia da. Zintzotasunez eta ganora piska bat jarrita zerbait aurreratzeko  unea izan beharko litzateke. Foro egokia kaletarrak eta baserritarrak elkartuta hainbat galdera erantzuteko, besteak beste: Eibarren behar ditugu baserritarrak? Zertarako? Zer da eibartarrok eskatzen dioguna gure mendieri? Baserriari? Izan ere, horixe baita  gizakion portaera gidatzen duen printzipio orokorra; erabilgarri zaiguna zaintzen dugu, izan tresna, ideia, persona, ingurumen edo baserri. Beste “zera” horrengandik zerbait jasotzen dugun heinean gaude prest gu ere gurea emateko eta baserri, ingurumen edo dana-dalakoa zaintzeko. Soilik funtzionala denak egiten du aurrera. Trukea naturaren legea. Eman-hartua, har-emana.

Horrela, erantzunen arabera bide-orria zehaztu beharko genuke;  PLANA adostu ; epe motz, erdi eta luzerako helburuak ezarri eta erabakiak hartu. Horixe izan baita baserriaren arazo nagusienetakoa betidanik, planifikazioetatik kanpo egotea, linboan, nahita seguruenik, gutxi batzuen gozamenerako.

Orain aste batzuk hil da oihartzun handiko beste baserritar bat:  Mixel Berhokoirigoin. Nekazarien lider eta bide-erakusle handiak  hauxe zioen guzti honen inguruan : “ Baserritar asko izatean dago gakoa, instalatzeko gogoa emateko, txoko guztiak bizirik eusteko, kulturari, moralari eta elkartasunari eusteko ; gure bazter eta paisaia ederrak zaintzeko. Ez dago irabazia baina sinisten dut biharko laborantza bide horretatik joango dela”. Hala bedi.