Arantza Mata
Arantza Mata

Berdintasun legeak betetzen al dira?

2019/03/07
Mendea joan mendea etorri naturaltzat hartu ditugu gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak —ezberdintasun kulturaletaz ari naiz, jakina—. Jada, XXI. mendean gaude, eta, berdintasunari dagokionez, oraindik bide luzea dugu egiteko bizitzako esparru gehienetan, guztietan ez esatearren.

Kirolean, esate baterako, gizarteko testuingururik eragingarrienetariko batean, emakumeei ematen zaigun tratua gizonei ematen zaien tratu egokitik oso urruti dago oraindik. Hausnar dezagun apur bat.

Gaur egun, komunikabideetan eta sare sozialetan sasoi batean baino zertxobait gehiago ateratzen garen arren, kirol atalean berdintasun legeak betetzen al dira? EZ! Desoreka handia da. Ingurura begiratzea besterik ez dago ohartzeko emakumezkoen kirolak ez duela gizonezkoen kirolak besteko lekurik. Apenas agertzen gara hedabideetan; argi ikusten da hori albiste kopuruari erreparatzen diogunean, edo albisteen iraupenari dagokionez. Bestalde, oraindik mantentzen al dira gizonen eta emakumeen inguruan eraikitako kirol-estereotipoak? BAI! Generoari lotutako estereotipoak edozein albistetan oraindik ere onartu egiten ditugu, inongo hausnarketarik egin gabe.

Gaur, 2019ko MARTXOAK 8, EMAKUMEAREN EGUNA, bai! 2019. urtean gaude, baina garbi dago oraindik ere oztopo asko ditugula gainditzeko. Emakume kirolari asko dago, gero eta gehiago zorionez, maila onekoak, ohorezko mailetan edota goi mailako txapelketetan aritzen direnak… baina gehienek ez dute aukerarik irtenbide profesional duin bat izateko; ezta klubak eta taldeak zuzentzeko ere… Emakumezkoen presentzia, oro har, txikia baita kirolaren esparruari dagokionez.

Argi dago berdintasunaren alde borrokatzea guztion ardura dela eta norberak bere harri koxkorra jarri behar duela, gizarteko kirol-oztopoei aurre egitea nahi badiegu. Bidea luzea izango dela zalantzarik ez dago! Baina  saiatu gaitezen gure gaztetxoei kirol-eredu eta estimulu egokiak txiki-txikitatik eskaintzen, eta emakumezkoen lorpenak eta ahotsak azalerazten. Denon artean lortuko dugu.