“Besarkadak” (Maria Alonso)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Besarkadak” (Maria Alonso)
ETA KITTO 2020, Eka 16

Gizartea gelditu zen une horretan, beldurra sentitu genuen une horretan, isilik gelditu ginen une horretan….
Konfinamendu guztian zehar garbi izan dut: ni ere etxean gelditu naiz. Eta etxean jolastu gara, etxean kozinatu, irakurri eta eskulanak egin ditugu, baina batez ere etxean besarkatu gara. Besarkada luze eta goxoak.

Askotan pentsatu dut konfinamenduko aste hauetan benetan zoriontsuak ginela gure etxean, besarkatzeko aukera edukita. Telebistan behin eta berriro entzuten genuen, maitasun eta errespetu seinale gisa,  besarkadarik ez ematea zela oraingo honetan bidea, musurik ez ematea zela bidea… eta behin eta berriz zoriontsu sentitu naiz, besarkatzeko aukera nuelako, musuak eman eta jasotzeko aukera nuelako.

Adituek diote bi pertsonen arteko besarkadaren batez besteko iraupena 3 segundokoa dela. Baina ikertzaileek zerbait zoragarria aurkitu dute: besarkada batek 20 segundo irauten duenean, efektu terapeutikoa gertatzen da gorputzean eta adimenean. Baina Covid-19ak hauxe ere lapurtu digu.

Deseskalada aurrera doan neurrian, kaleak betetzen hasi dira, eta ume eta helduok normaltasuna berreskuratzen hasi gara, baina “normaltasun berri” bat da. Besarkadarik gabeko normaltasun bat. Musurik gabeko normaltasun bat. Adituek diotenez etxekoak bakarrik ahal ditugula musukatu eta besarkatu, besteentzat kaltegarria izan daiteke; birusa, isilpean eta gordeta, hor dago, eta kasu honetan maitasunaren islada distantzia soziala izango da. Besarkadak, oraingo honetan, gerorako!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »