Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

"Busti gaitezen"

2018/11/28
Iritsi da Euskaraldia. Euskal Herriko milaka herritarrek, hurrengo 11 egunetan euskararen erabilera aktiboki sustatzeko hautua egina dugu. Helburua, euskara gure egunerokotasunean txertatu eta inertziaz edo askotan lotsagatik normalizatuta ditugun dinamika erdaldunak azaleratu eta iraultzea.

Onartu beharra daukat, Euskaraldia oraindik heltzeke zela ekimenari buruz hitzegite hutsak, orain arte erdarazko hartu emanak izaten ziren solasaldi batzuk euskarara bideratu dituela. Baina beldur naiz, iniziatiba honen eragina ez ote den euskaldunon zirkuluetara bakarrik mugatuko.

Tamalez, Euskal Herriko biztanle askok ez du aste eta erdi iraungo duen euskararen olatu honen zipriztinik ere sentituko. Giro erdaldunetan euskara sustraitzeko euskal herritar xeheon borondatearekin bakarrik ez da nahikoa izango, erreferente publikoen parte hartzea ezinbestekoa da.

Euskara Euskal Herri osoan bizirik eta sano ikusi nahi badugu, gure hizkuntzak gu sortu ginen enbor beretik sortu ez direnak ere busti beharko ditu. Eta horrek eskatzen du adibidez, Mikel Oyarzabal edo Eli Pinedo batek Diario Vasco edo Etb “Dos”-en aurrean ahobizi jarrera hartzea. Eta Berri Txarrakek MTVren kontzertuan jotzea eta Taburete taldeak Ken Zazpiren Ilargia kantatzea ere eskatzen du. Busti gaitezen, busti ditzagun.