Mozorroak
Heldu dira inauteriak, gure kaleak mozorroz betetzen diren egun horiek. Festa hauek badituzte zale sutsuak, bai eta gorroto dituzten pertsonak ere. Badago jende bat aratoste hitza entzun orduko herritik korrika alde egiten duena, eta badaude beste batzuk hilabeteak egiten dituztenak euren mozorroak pentsatu eta prestatzen.
Gaur egun mozorroak jai giroarekin lotzen ditugu nagusiki, parrandarekin, satirarekin… baina ikasi berri dugu Parisko Louvre-n lapurtzeko ere balio dezakeela mozorro arrunt batek.
Gizakiaren historian zehar kultura guztiek erabili dituzte mozorroak. XIII. mende ingurura bagoaz, Veneziako karnabaletan anonimotasuna bilatzeko janzten zituzten maskarak aipa ditzakegu. Denboran urrutiago joango bagina, greziako teatroetako aktoreak ikusiko genituzke, milaka ikusleren aurrean mozorrotuta paper desberdinak antzeztuz. Atzerago joan gintezke, euskal inauterien sustrai izan daitezkeen erritu paganoetara. Larru eta adar, izpirituak uxatu eta naturara urbildu nahiean. Urrutiago ere joan gintezke, gizakiak mozorroak kamuflaia moduan ehizarako erabiltzen zituen garaira.
Edo joan gaitezke oraindik haratago, mozorro primitiboenera, eboluzioak animalia bati eman dion mozorrora: adibidez, Orkidea Mantis-a. Mantis familiako espezie honek lore itxura du, orkidea itxura. Bere kolore eta formarekin beste intsektu batzuk erakartzen ditu. Beste intsektuek lore batekin nahasten dute Mantis-a eta nektar gozoa aurkituko dutelakoan Mantisaren atzaparretan pausatzen dira. Lan erraza mantisarentzat
Ikusi dugu mozorro bat izan daitekeela hartz baten larrua, edo izan daitekeela batmanen traje bat, edo zergatik ez, programa politiko bat. Adibidez, eskuin muturra gaur egungo gazteriaren aurrean erakusten ari den aurpegia.
Penagarria da, baina gazte asko tximeleta inuxenteak bezala ari dira egan eskuin muturraren mezuen inguruan, nektar gozoaren promesa egin diete. Tamalez Mantisaren atzaparrak lepoan sentitzean bakarrik ikusiko dute maskararen atzean nor dagoen, eta beranduegi izango da.