“Desfasearen fasea” (Jesus Gutierrez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Desfasearen fasea” (Jesus Gutierrez)
ETA KITTO 2020, Eka 01

Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarrak esaten zuenez, pertsonok hiru bizitza mota ditugu: Bizitza publikoa, guztiek ezagutzen dutena. Bizitza pribatua, gure bizitza intimoa eta ingurukoena dena. Eta, azkenik, bizitza sekretua, guk bakarrik ezagutzen dugun hori. Orain laugarren bizitza mota azaldu zaigu: bizitzen dihardugun “normalizatutako” pseudobizitza.

Onartzen dut badudala Fernando Simonen antz pixka bat, bere bekain trinkoak alde batera lagata, baina azkenaldian gero eta galduago nago hainbeste fase eta fase aldaketekin. Niretzat guztia errazagoa izan beharko litzateke: 1 Fasea, guztiok beldurrak janda komuneko papera eta gela (eskuetakoa, ez bestea, argi geratu dadila) erosten. 2 Fasea: Valeriana fasea, lo egiteko pilulak hartuz egun guztian geldirik egon arren. Fase hori garrantzizkoa zen oso, bakarrik falta zitzaigun Gobernutik behin eskatu herriaren alde potrojorran egotea eta kale egitea. 3 Fasea: Maskarak (kirurgikoak, higienikoak, ffP2…). Euskal sudur prototipikoa ondo egokitzen da neurri horretara, baina ez dezagun ahaztu sudurmotzek egokitze arazo larriak izan dezaketela. Zatarrei, ordea, anonimotasunean besteen parean lagatzen die, inoiz ez dira hain integratuak sentitu.

4 Fasea: Eguzki-krema. Hasi gara pentsatzen noiz joan hondartzara, zelan, zenbat denbora… Itxita egon ondorengoko oporrak gertu ditugu. 5 Fasea: Almax. Betiko normaltasunera itzuliko gara. Oso egokiak biharamunerako. Erraza da. Parranda egin eta gero, aipatutako faseak osatzen dituzu: Eskuetan gela eman, Valeriana hartu, maskara kendu, eguzki-krema eman eta Almax-a hartu. Hara!, betiko pseudobizitza “normalizatua”. Desfase iraunkorraren fasea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »