Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Emakumeen kirola"

2021/01/22
“Kirol modernoa” Ingalaterran XIX. mendearen azken laurdenean hasi zela esan daiteke; gizon boteretsuek asmatu zuten, gizonen dibertimendurako. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira.  XX. mendean zehar, gehienbat mendearen azken laurdenean, asko demokratizatu zen kirola eta, gizarte osora zabaltzen joan den neurrian, logikoa denez, emakumeen parte hartzea normalizatzen joan da nahiz eta erraza ez izan.

Emakumezkoen partaidetzaren normalizaziorako garrantzitsua kontsideratzen da erreferenteak izatea, gehienbat haur eta gazteentzat. Eibarren ohituta gaude goi mailako kirola eta  kirolariak izatera. Gaur egun nesken hainbat talde ditugu erreferentetzat har daitezkeenak: gimnasia erritmikoan Ipurua taldea, S.D. Eibarreko ohorezko mailan dagoen futbol taldea edota Errugbiko Ohorezko mailan dagoen  taldea.  Goi mailan aritzen diren taldeak dira eta ikuskizuna eskaintzen dute. Kasuren batzuetan profesionalak dira edo bertatik bizi dira, eta kasu gehienetan izugarrizko dedikazioa eskaintzen dute.

Proiektu horien guztien atzetik jende asko dago: kirolariak, entrenatzaileak, laguntzaileak, zuzendaritzetako kideak, gurasoak, anai-arrebak, lagunak eta zaletuak…  Lagun horien lana eskertu behar dugu, hain beharrezkoa dugun poza eta ilusioa eskaintzen digutelako eta emakumeen kirolaren errealitatea aldatzen ari direlako. Eskerrik asko, bene-benetan!

Aipamen bat egin nahi nuke: ez galdu iparra, oinak lurrean izan; “su artifizialak” ondo daude San Juanetarako, baina ez goi mailako kirolean. Elitean egoteko behar-beharrezkoa da oinarri sendoa izatea, eta gure haur eta gazteentzako erreferenteak behar ditugu. Goi mailan bai, baina burua galdu gabe.