“Erabili dezagun!” (Felix Morquecho)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Erabili dezagun!” (Felix Morquecho)
ETA KITTO 2019, Mar 11

Idazle ezagun bati orain dela gutxi zera irakurri nion: irakurle euskaldunok, denok, elebidunak ginela. Ez gaitezen engainatu, salbuespenen bat kenduta denok gara gauza gazteleraz aurkezten diguten zerbait ulertzeko. Alde horretatik badugu abantaila; gaitasuna edukita, zerbait ikusi, irakurri edo entzun nahi badugu edo ez, gurea da hautua. Hizkuntza bakarra ezagutzen dutenek ez dute aukera hori, eta seguru nago gehienek nahi izango luketeela. Azken urteetan Eibarko Antzerki Jardunaldietako informazioa egitea tokatu zait eta ikusleen aldetik bi egoera topatu ditut, besteak beste. Aurten bertan, antzerkira guztiz engantxatuta dauden batzuk zera esan zidaten: “Denak ikusiko ditugu, euskaraz direnak izan ezik, ez dugu ulertzen-eta”. Obra baten bukaeran, aldiz, beste batek zera esan zidan: “Ni euskeraz ematen dituztenak ikustera nator”. Argi dago argumentua, testua, antzezle edo zuzendariaz gain, hizkuntza badela irizpidea antzerki obra bat ikusteko. Lerro hauek irakurtzen ari bazara hizkuntza batean edo bestean ulertzeko aukera duen horietakoa zara, eta hasten ari diren Jardunaldiak aukera zabala jarriko digu aurrean egun hauetan. Komedia eta drama, zirku ikutua duten obrak ere, literatura klaseak burura ekarriko dizuten klasikoak, bizitza bera taula gainean jartzen duten lanak, umeentzat bereziki direnak eta dantza edo musika tartean sartzen dutenak ere azaltzen dira programan. Aukera egitean egunak eta ordutegiak ere tartean nahasten dira eta hautuaren ekuazioa ez da erraza izaten, baina ez gaitezen mugatu. Kontua izan daiteke hizkuntza batetik edo bestetik jotzea; baina, denak ulertzeko gai izanda, ez gaitezen hor geratu. Gozatu dezagun gure festibala. Juan Ortega lagunak beti esaten duen bezala “erabili dezagun, existitzen jarraitu dezan”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »