Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Eragileak, bai mesedez"

2018/05/23
Eibar ekintzaile hitzaren ‘e’ berberarekin idazten da eta hori ote da gure ezaugarrietako bat. Askotan iraganeko industriari begiratzen diogu horretaz ari garenean, baina gauza berriak asmatu eta mantentzeko orduan, badaude beste esparru batzuk. Kultura eta jai kontuetan adibidea dugu, batez ere bizi dugun hilabetean. Klub Deportiboko lagunak egun batean topatu eta Argazkilaritza Maiatzean sortu zuten. Ez zen orain dela denbora asko izan, ejem… baina dagoeneko 16 urte betetzen ari da, aupa! Hilabetearen hasieran Galiziako Etxekoek olagarro eta musikaz bete zuten Urkizuko ingurua. Zer esanik Santa Kurutz inguruko baserritarrak, bere ospakizun xumeari beti zerbait berri bilatzen diotenak. Laster Euskal Jaia izango dugu, eta horrek badu guzti horiekin zerbait amankomunean. Den-denek jendearen lana behar dute, ez dakit ekintzaileak izango diren, baina bai eragile eta egile. Udaletxeko babesa izaten dute gehienetan, bai, baina etxe handitik beti onartzen duten moduan, gauza guzti hauek ez lirateke egingo atzean lan egiteko jendea prest egongo ez balego. Aurten gauza berria dugu. Taberna bateko gazte batzuk musika festibala antolatzera ausartu dira, eta ez nolanahikoa. Ikusteke dago asteburuko kontua izango den edo datorren urtean Unben bigarren Ezdokfest ospatuko den. Baina argi dago eragileak behar ditugula esparru guztietan, Unberaino joateko bada, ere!