“Espainiako zatitxo bat?” (Asier Ezenarro)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Espainiako zatitxo bat?” (Asier Ezenarro)
ETA KITTO 2016, Urr 21

Berealdiko baikortasuna arriskutsua da. Errealitatetik urruntzen gaitu eta ameskerietan sartu. Itxaropena, alderantziz, arrazoietan oinarrituta egon behar da, Terry Eagleton filosofoari jarraituz. EAEko hauteskundeetan lehen bi alderdiak abertzaleak izan dira. Abertzale batzuk aurrerapauso moduan ikusi dituzte emaitzok, baina 80ko hamarkadan abertzaleok eserleku gehiago genituen Gasteizko parlamentuan.
Ez dut ikusten, inondik inora, gure Estatu independentea lortzera goazela esango diguten zeinu positiborik. Gure Herria hiltzen ari da, bere izaera nazionala hiltzen. Orain gutxi Joxe Azurmendi gure filosofo haundienak hau zioen: “Ikaragarria da hemen dagoen kultur inbasioa. Bidasoa pasatu orduko ikusten dituzu Estatuak sortutako kultur-inposizioak. Nola sortu digute hori guztia? Estatuaren ahalmena hori delako, ezin garelako libratu irrati, telebista eta egunkarietako propagandatik. Ez da borondate txarrarengatik, baina gizartea erabat espainolizatuta dugu. Sentitzen dut”.
Bat nator Zegamako pentsalariarekin. Herri baten autodeterminazioa eta independentzia lortzeko adimen kritikoa euki behar dugu; bestela ez dugu ezer egiterik. Gonbidatzen zaituztet zapatu batean zinemara joatera, Barakaldora, eta ikusiko duzue, milaka lagunen artean, euskara swahilia bezain arraroa dela han entzutea. Zenbat euskal gaztek ez dakite nortzuk izan diren Gotzon Garate edo Jon Mirande eta bai, aldiz, nortzuk diren Kiko Matamoros eta Isabel Pantoja?
Ahalegin eta borroka haundiak egin dira urte luzeetan euskararen alde eta gure identitate nazionala babesteko, baina egi gordina onartu behar dugu: hemen bizi diren etorkin espainolen leialtasun nazionala Espainiarekin dago, euren aberriarekin. Eta euskaldunoi nahiko lan geratzen zaigu oraindik gure buruak deskolonizatzeko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »