“Etsai berriak asmatzen” (Tomas Vouilloz)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Etsai berriak asmatzen” (Tomas Vouilloz)
ETA KITTO 2022, Ira 26

Ez dut nire etsai propioetaz hitz egin nahi. Hauek dezente aspergarriak dira: aurreiritziak, alferkeria, egoismoa eta horrelakoak. Asko esan daiteke beraien inguruan, bai, baina ez da gaur kezkatzen didan gaia. Gaurkoan, gizartearen eta taldeen etsaien inguruan pare bat hausnarketa ekarriko ditut.

Lehen Hezkuntzako 4A versus 4B; Eibar Eskubaloia versus Elgoibar; Athletic versus Real; Euskal Herria versus Espainia; ezkerra versus eskuma; ezkerra versus ezkerra; eskuma versus eskuma; iritzi publikoa versus publizitate handia jasotzen ari den edozein kriminal… Zure adibideekin jarrai dezakezu.

Ez da 4A-ko Ander 4B-ko Jonen kontra dagoela, seguruenik beraien artean ez dela ezer gertatzen, baizik eta talde bezala aurrez aurre daudela. Bitxia bada ere, adibideetako etsaiak geroz eta eztabaidaezinagoak dira, talde zabalagoak inplikatzen dituzten neurrian.

Taldeek pertenentzia sentimendua sortzen dute. Ikertu da zenbat eta pertenentzia maila handiagoa izan, taldea orduan eta itxiagoa dela. Honek esan nahi du geroz eta neurri handiagoan oinarrituko dutela beraien harremana taldekoak ez diren besteekiko ezberdintzen dizkieten gauzetan. Arropa, hitzegiteko gaiak, planak… Ez da oso desberdinak garela berez, baizik eta gure taldekoagoak izateko, besteengandik gehiago ezberdintzen garela, edo gure arreta gehiago bideratzen dela desberdintzen gaituzten gauza horietara.

Pertenentzia handiagoa badago talde itxietan, eta talde itxiek besteengandik desberdintzeko joera handiagoa badute, suerta daiteke pertenentzia sentimenduen iturria ez izatea soilik taldekoekin ditugun gauza berdinak baizik eta besteekiko ezberdintasunak. Hona hemen etsaia.

Neurri ezberdinetan gertatzen da hau eta, uneren batetan, talde guztietan, esango nuke.

Etsai bat, desberdintasunak, paregabeak dira talde bat antolatzeko eta talde askok dute beraien etsaietan bere funtsa. Zer gertatuko litzateke, ordea, etsaia desagertuko balitz? Zer gertatuko litzateke, bapatean, talde guztiak Athletic izango balira? Nora joango dira gure amorru eta frustrazio guztiak? Batek daki haietaz jabetuko ginen behingoz, edo Athletic A versus Athletic B ikustera joango ginen, eta jarraitu dezala bizitzak.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »