Iokin Elortza
Iokin Elortza

"Eukaliptoa"

2020/10/20
Eukaliptoa ona da. Edo ez? Oso ezaguna da eukaliptoak arnas-arazoak osatzeko duen ahalmena, eta nahiz eta azken urteetan bere erabilera gutxitzen joan den, asko gara bizitzan zehar gure osasuna hobetzeko eukaliptoa erabili dugunak. Katarroak, bronkitisak, mukiak garbitzeko… Erabilera asko ditu, arnas-arazoak ez diren beste osasun-arazo askorentzat ere bai, adibidez,  diabetesarentzat.

Denboran zehar ezagutu ditugun eukaliptoaren erabilera mota nagusiak hurrengo hiru hauek izan dira:
- Infusioan: eukalipto-hostoak irakiten dagoen uretan minutu batzuk utzi eta ezti pixka batekin ur hori edan.
- Arnasketak: Eltze batean eukalipto-hosto batzuk irekiten eduki. Ondoren,  burua zapi batekin estali eta eltze gainean jarri arnasketak egiteko.
- Difusioan: Ohikoa da etxeetako berogailuetan eukalipto pixka bat duen baso bat ur jartzea etxeko giroa hezetu eta arnasketa hobetzeko.

Oso ondo, nork ez du horrelakorik noizbaiten egin?  Baina, zergatik ari da orduan gaur egun eukaliptoa hain fama txarra hartzen? Ez dauka honekin guztiarekin zerikusirik.  Arrazoia, eukalipto zuhaitzak ingurugiroan eragiten duen kaltean dago.

Eukaliptoa ez da gure lurretako zuhaitza, Ozeaniatik dator, eta bere ezaugarrietako bat bizirauteko behar duen ur kopurua da. Horren ondorioz, landatuta dagoen lurretako hezetasuna joan eta lehortu egiten da.

Oso erabilgarria izan zen, adibidez, paludismoarekin amaitu nahian eltxoak bizi ziren inguru heze eta putzuz betetakoak lehortzeko. Eukaliptoak landatu eta eltxoen bizi-lekuak akabo. Baina, gaur egun, etekin ekonomikoak lortzeko sustatzen ari diren eukalipto-landaketa masiboak gure lurrak lehortzen ari dira. Honek, gure basoen biodibertsitateari eragiten dio, landare eta animalietan, eta nahiz eta itxuraz eukaliptozko basoak biziak diruditen, lurrak basamortu bihurtzen ari dira.

Arazo bat sortzen ari zaigu eta ez dugu osasunik izango ingurugiro osasuntsu bat gabe.
Zaindu.