“Galdetu” (Jon Mikel Mujika)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Galdetu” (Jon Mikel Mujika)
ETA KITTO 2021, Mar 19

“Zalantzarik baduzu, galdetu”. “Ulertzen ez baduzu, galdetu”. Ehunka aldiz entzun eta esan ditugu esaldi hauek. Erabateko espiritu eraikitzailea duten aholkuak dira. Munduko adierazpen zentzuzkoenak, gu, gizaki heldu burujabeok, haur edo nerabe ezikasi bati zuzentzen gatzaizkionean bederen. Baina zalantzaren jabeak geu garenean? Ai ene! Orduan datoz arazoak.

“Ez badakizu, galdetu”. Ekuazio erraza dirudi, gure ego eta beldurren aldagaiak formulan txertatzen ditugun arte: “Galdetu? Nola galdetuko dut? Zoratu egin al zara?”. Batzuetan, egin behar dugun galderak gure ezjakintasuna agerian utziko duelakoan, zalantzak irentsi eta aurrera egiten dugu isil-isilik. Beste batzuetan, jasoko dugun erantzuna gure gustukoa izango ez delako mututzen ditugu gure ezbaiak; begi itsuak, negarrik ez.

Galderak egiteari diogun ikara ez da gizabanakook bakarrik pairatzen dugun zerbait. Erakunde publiko eta politiko gehienen antolaketa eta funtzionamenduan errotuta dagoen gaitza da. Botere postuetatik, eta legeak derrigortuta, lau urtean behin egiten digute galdera bakar bat. Beti galdera bera. Nor nahi duzu zure ordezkari izatea hurrengo lau urteetan? Guk erantzuna ematen dugu, eta beste lau urte luzez ahotsik gabe geratzen gara. Ohitura horien aurka, joan zen asteburuan herri galdeketa antolatu zuten Durangon. Trenbidea lurperatu ondoren irabazitako espazio publiko berriaren erabilera zegoen auzitan. Herriaren gune garrantzitsu baten eraldaketari buruz, herritarrei galdetu zitzaien. A zer burugabekeria, ezta? Inbidia galanta sentitu nuen nik.

Eibarren alkate berria daukagu: Jon Iraola. Ez ziguten galdetu bera gure alkate izaterik nahi ote genuen. Baina hortxe daukagu eta bi urte luzez izango da gure ordezkari, gure gidari. Jon, Eibarren aspaldidanik gaude ohituta udal gobernuraren erabakiak (adib. Errebal) etsipenez onartzen. Gauza bakarra eskatzen dizut: galdetu, herriari galdetu, eta euskaraz bada hobeto.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »