“Gure bazterrak” (Jon Mikel Mujika)

0    Iritzia 
CDwes76
“Gure bazterrak” (Jon Mikel Mujika)
ETA KITTO 2020, Aza 15

Hilabeteak dira Covid-19-a gurera heldu zela. Neurri murriztaile asko hartu behar izan ditugu birusaren hedapena mugatzeko eta, gehiago edo gutxiago, denok pairatu ditugu birusaren aurkako borrokaren albo-kalteak. Ez naiz ni neurrien egokitasunaz edo hauen eragin ekonomikoei buruz idazten hasiko, ez dira arinkeriaz jarduteko moduko gaiak. Baina eibartar kalekume eta kalezale baten begietatik, ditxosozko birusak gure aisialdia nola baldintzatu duen komentatzeko moduan nagoela uste dut.

Asteak daramatzagu ukatu digutenaz kexaka eta galdu dugunagatik negarrez: ezin gara lagunekin elkartu, ezin dugu tabernara joan, ez daukagu herritik irtetzeko eskubiderik, hamaiketarako etxean egon beharra daukagu… Halako ezkortasun bat txertatu du pandemia honek gure buruetan ezen gure denbora libreaz ehuneko ehunean gozatzeko gaitasuna ere galdu dugula. Kaleetan hauteman daitekeen arrangura neketsu horrek denok betiko goibeldu baino lehen, zergatik ez diogu galdu ez dugunari erreparatzen? Adibidez, Eibar.

Ez, ez naiz txantxetan ari, gure herriaz ari naiz, gure bizilekuaz. Urte osoa igarotzen dugu hemen, egunero zeharkatzen ditugu bere kaleak, baina beti bide beretik. Urteetan zehar, monotoniak eta erosotasunak gure oinak beti espaloi eta zidor berdinetara bideratu dituzte. Etxetik Untzagara, Usartzatik Kalamuara, pausoetatik Arratera.

Balia dezagun herritik irten ezin hau Ego bailarak ezkutzatzen dituen zoko guztiak ezagutzeko. Probestu dezagun konfinamentu hau gure herriko bazterrak ikusi eta ikasteko. 2.455,65 hektarea dauzkagu zain txikitan bezala altxorraren bila jolasteko. Nik nere lehenengo perla ezkutua duela bi asteburu aurkitu nuen, Indurio errekako harrizko zubi zaharra.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »