“Gure paradisua” (Imanol Magro)

0    Iritzia 
Ana
“Gure paradisua” (Imanol Magro)
2018, Uzt 24

…eta kitto!koak alferkerian. Debarako trena Indiako dokumentaletan agertzen direnak baino beteagoa. Glaziar batetik ateratakoa dirudien kanpoko igerilekuko ura, eta toalla zabaltzeko tokirik ez belardian. Arratsaldeko seirak arte kaleak hutsik, western filmetan bezala. Siesta. Terraza gau amaigabeak udaltzainak agertu ez daitezen desiratzen. “Urtez urte gero eta jende gehiago gelditzen da Eibarren. Udak dagoeneko ez dira garai batekoak bezalakoak”. Untzagako udako zinemako egurrezko aulki deserosoak. Ixten ez duten merkatalgune handiak, eta aire girotuaren bila joandako pasialariak. Asfalto jarri berri usaina. Ermuko jaiak. Obrak, zanjak, hodiak… “Honek Sarajevo dirudi”.
Larunbat gaueko parranda bikainak, koadrila bakoitzeko kaxkajoenarekin. Eibarren lagunarteko partida: ‘Torneo de la Amistad’. Sanrokeak Deban. 35 gradu eta hezetasuna = gauean txalupa beharko duzu etxera joateko. Arrateko mahaiak beteta. Txikiteroak manga motzean. Parrillero dema. Ateak oso berandu irekitzen dituzten tabernak. Izter zuriak, ia distira egiten dutenak. Aldatzen ez dituzten eskelak. “Zu ere herria zaintzen?”. Aparkatzeko nahi beste leku (miraria). Mantekau urtua ukabilan behera. Elgoibarko jaiak. Zenbat aldiz aldatu behar dituzte Guridi aurreko baldosak? Iraila gainean dugu, eta laster Gabonak. Arrateko jaiak, erroskilekin etxera.
Paradisuak leku intimo eta pertsonalak dira, eta edozein bazterretan aurki daitezke. Gozatu Eibarko udarekin, nik makina bat pasatu ditut bertan, eta ez du beste lekuetakoen inbidiarik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »