David Karba
David Karba

"Hurrengo egun handiaren zain"

2022/10/17
Astelehenean bizitzan ikusi dudan ikuskizun ederrenetariko bat antolatu nuen. Baina agian, azaldu ahal izateko, abuztuaren 29ra bueltatu beharko nintzateke.

Egun hartan Madrilen nengoen lagun batzuekin Sergiok (‘Pumba’) Ola Ersfjord aurkeztu ninduenean, ‘Hellacopters’ musika-taldearen teknikaria, besteak beste. Artista batekin iberiar penintsulan egin behar zuen bira baten inguruan berba egin zidan eta izaera familiarreko kontzertu intimoa lotu nahi zuen. Aipatutako artista Jonathan Hultén suediarra zen, Tribulation taldeko gitarra-jole ohia, eta bere gitarrarekin, efektuak egiten dituen pedalarekin, makillaje kiloekin eta jantzi ilunekin etortzekoa zen bere proposamen garbi, bakar eta hipnotikoaren bitartez Eskandinaviako basoetara teleportatzeko.

Jose eta Beinat Zaizoi tabernako arduradunekin berba egin ondoren, eta Tribulation taldeko eta Jonathanen jarraitzaileak diren David eta Aintzaneren etxean ostatua lortu eta gero, astelehenean zerbait magikoa eta errepikaezina gertatzea lortu genuen. Horrelako zerbait antolatzea oso zaila da proposatzen zenarengatik, erabateko isiltasuna eskatzen duelako. Bolumena izugarri baxua zen, anplifikatu bariko gitarrarekin jo zuen, eta bere ahotsa eta giro-soinuak gitarrak eskatzen zuen horretara egokituz. Bertan bildu ginenak hipnotizatzea lortu zuen eta malkoak atera zizkigun bati baino gehiagori. Egia esan, zentzu horretan hitz gutxi daude gertatutakoa definitzeko. Jendea marketin postura hurbildu zen eta eskupeko oparoa laga zuen itsulapikoan, kontzertua dohainik izan baitzen.

Hala ere, honen guztiaren kontu sinbolikoena izan zen Montpellierretik etorritako bi neskato etorri zirela, aurreko egunean Jonathan Portugaleten ikusi eta gero. Horrelako zorakeriak askotan egin izan ditut, baina bihotzera heltzen zait nik antolatutako ikuskizun batean gertatzen denean. Jonathanek bere abestietako batean ondo esaten duen bezala, orain hurrengo egun handiaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen.