“Iraganera begira” (Jon Mikel Mujika)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Iraganera begira” (Jon Mikel Mujika)
ETA KITTO 2022, Urt 24

Azkenean jaurti dute James Webb espazio-teleskopioa (JWST). Abenduaren 25a izan zen egun seinalatua. Europar Espazio Agentziak Guyana Frantsesean duen basetik aireratu zuten Ariane 5 suziri baten barruan. Espazio esplorazioan mugarri bat izango da. 1990. urtean espazioratu zen Hubble teleskopioari, atera ahal zitzaion mami guztia atera ondoren, JWST-k unibertsoa ikusteko leiho berri bat irekiko digu.

Ez da bide erraza izan teleskopio honek bere jaiotzatik gure planeta utzi duen arte igaro behar izan duena. 1996an hasi zen asmo handiko proiektu honen garapena. Hasierako definizioetan, 2007rako planifikatu zen bere espazioratzea 500 milioi dolarretako aurrekontupean. Atzerapen eta gainkostu ugari jasan ditu proiektuak denbora guzti honetan, tartean 2005. urteko diseinuaren goitik beherako birmoldaketa. Milaka zientzilari eta hainbat nazioren elkarlanaren fruitua da JWST.

Oztopoak oztopo, pentsatu baino 15 urte beranduago eta aurreikusitakoa baino 20 aldiz gehiagoko kostuarekin, baina laster hasiko zaigu informazioa ematen. JWST espektro infragorria behatzeko bereziki sortutako instrumentua da. Gaitasun honek denboran 13.500 milioi urte atzera egitea ahalbidetuko digu eta gure unibertsoaren sorrerako izar eta galaxien ezaugarriak ikertzeko aukera emango du.

Esanguratsua da iraganeko gertaerak deskubritzeko gizakiak duen gaitasuna. Desagertzear dagoen hari muturrik lausoenari helduta ere, aspaldiko errealitateak azaleratu daitezkeela hamaika aldiz frogatu du zientziak. Baina errealitate hori ez da politika tartean dagoenean ematen, antza.

Frankoren diktadura amaitu zela hamarnaka urte igaro dira dagoeneko. Aste honetan bertan, eta gure muturren aurrean, trantsizioko ministro ohi Rodolfo Martin Villak, ironikoki bada ere, aspaldi egindako ankerkerietan izan zuen erantzukizuna onartu du. Lotsagabe, zigorgabekeriaz. Gure herriaren iragan beltza argitzeko ez dugu instrumentu garesti edo konplexurik behar. Gauza bakarra behar dugu, borondatea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »