Amagoia Gomez
Amagoia Gomez

"Irribarre bat"

2019/04/30
Denbora luze egon naiz iritzi zutabe honetako gaia zein izango ote den erabakitzen. Oraingoan, Aste Santuko oporren biharamunean eta hauteskundeen atarian tokatu zait idaztea. Lesbosera iritsi berri da Aita Mari itsasontzia, baina ez du baimenik bere lana egiteko. Altsasukoek eta beste errugabe askok kartzelan  jarraitzen dute boterean daudenen gustukoak ez izateagatik. Iruñean beste neska bat bortxatu dute eta astero hiltzen dute emakume bat Espainiar estatuan. Baina nik ez dut gai ilun, gordin eta tristeei buruz idazterik nahi. Erronka polit batekin natorkizu oraingoan. Irribarre bat atera nahi dizut. Euskararen aldeko Korrika orain dela astebete pasatu zen gure herritik eta momentu horretan irribarrea ikusi nuen zure aurpegian. Zein ederra! Hunkigarria izan zen. Oporretan ere mendira joan zarenean, belarretan etzan eta zerura begira lasai egoterakoan, irribarretsu ikusi zintudan. Zure lagunekin gustuko musika taldearen kontzertura joan zinenean ere pozik zeuden. Begiak itxi eta pentsatu momentu horietan. Aukeratu zuk zeurea eta irribarre egin. Barrutik kanporantz. Zure egunerokotasunean gelditu eta itxi begiak minutu batez. Paolo Coelho ematen dut, ze desastre! Ez zen nire intentzioa (kar, kar, kar). Denbora luze eman dut idatzi honetako gaia zein izango ote zen pentsatzen. Ez nuen oporrei buruz, Korrikari buruz, injustiziei buruz edota hauteskundeei buruz hitz egiterik nahi. Nire helburua ere ez zen autolaguntzako eskuliburu bat idaztea. Baina espero dut zuri irribarretxo bat atera izana gutxienez.