“Kolonoak gara” (Jon Mikel Mujika)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Kolonoak gara” (Jon Mikel Mujika)
ETA KITTO 2021, Uzt 26

“Natura Bizia” da euskal telebista joan zen astean emititzen hasi zen dokumentalaren izena. Uda honetan, astearte gauero, Euskal Herriaren ondare naturala hobeto ezagutzeko aukera paregabea emango digu telesail honek. Zortzi kapitulutan gure herriko naturgune ezberdinetako fauna eta florak bizirauteko dituen arazo eta erronken berri izango dugu.

Lehen bi ataletaz gozatzeko aukera izan dugu dagoeneko. Aste honetakoa kostaldeari buruzkoa izan da. Pasa den astekoak, berriz, Pirinioetako basa-bizitza ekarri zigun etxera. Bi kapitulu hauekin bakarrik argi geratu da dokumental guztian zehar ardatz izango den gaia: gizakiak naturguneetan duen eragin negatiboa.

Kasualitatea edo ez, pasa den asteburuan dokumentalaren lehen atalean erakutsi ziguten izaki batekin egin nuen topo. Canfranc gainean dagoen La Moleta tontorrera heltzeko 200 bat metro falta zitzaizkidan. Apenas antzematen zen bidezidor batean nijoan oinez. Harkaitz handi bat inguratu eta begirada altxatu nuenean, nigandik 30 bat metrotara sarrio bat ikusi nuen. Niri begira zegoen.

Hiruzpalau segunduren ostean, sarrioak burua makurtu, buelta eman eta bi jauzi bizkorrekin mendi-lepoaren beste aldean ezkutatu zen. Ez nuen berriro ikusi. Ezusteko hark piztu zizkidan zirrara eta sasipoza bat-batean itzali zituen nere baitan sortu zen marmarrak. Nola sentitu ote da Pirinioetako basahuntz hori? Beldurtuta? Haserretuta? Gogaituta? Beste izaki baten bizitokia inbaditzen ari al naiz nere aisialdi nahiak asetzeko bakarrik?

Asteburuko egonaldia amaituta, bueltan gara gure porlanezko basoan. Eta ahaztu egiten dugu naturari utzi dizkiogun espazio apur horietan izaki pila bizi dela eguneroko borroka neketsu eta etsi batean. Naturguneetara gure abenturatxoak egitera joaten garenean onar dezagun ez gaudela gure etxean. Izan dezagun gogoan horrelako tokietan kolono batzuk besterik ez garela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »