“Kronika” (Iokin Elortza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Kronika” (Iokin Elortza)
ETA KITTO 2020, Mai 24

Azken bi hilabeteetan bizi izan duguna aurretik kontatu izan baligute, txantxetan ari zirela edo pelikula txar baten gidoi bat entzuten ari ginela pentsatuko genuke. Guztiok.

Gutako bakoitzak oso modu pertsonalean bizi izan dugu egoera, ikaraz, eszeptiko, arduraz, arduragabe, etxean, edo, gure kasuan bezala, lanean. Hortaz baliatuz, gure ikuspegitik azken bi hilabeteak nolakoak izan diren azaltzea gustatuko litzaidake.

Inprobisazioa. Martxoaren 13an, barixakua, botika normal itxi eta hurrengo  astelehenean alarma-egoeran ireki behar izan genuen. Hortik aurrera, inprobisazioa.

Ez genuen araurik, baliabiderik, ezta denborarik ere zetorrenari aurre egiteko. Gerora, betebeharrak etengabe heltzen hasi ziren, baina baita jende uholdea ere. Oso zaila zitzaigun betebehar guzti horiei aurre egitea, genuen lanari aurre egitea ere zaila zitzaigunean.

Jendea. Urduritasuna nagusi zen, zer gertatuko zen ez genekien, eta guztiok egin genituen badazpadako erosketak, botikan ere bai. Baldintza berrietara egokitzen hasi ginen, ilarak egin, distantziak errespetatu.

Botikan telefonoak etengabe jo eta jo. Produktu batzuk agortzen hasi.  Beldurra  zeharka somatu bada ere, jendearen jarrera bikaina izan da. Pazientzia mugagabea, gure egoerarekin ulerkor eta gure ezinekin oso eskuzabal. Eskerrik asko.

Hidroalkoholikoa. Maskarak. Eskularruak. Gure ametsgaiztoak. Ezin duzue imajinatu ere egin zenbat buruhauste eman dizkiguten produktu horiek. Normalean lan egiten ez dugun hornitzaileekin harremanetan jarri behar izan gara, eta diru asko ordaindu behar izan dugu aldez aurretik, egunetik egunera aldatzen joan den egoera bati aurre egiteko. Zoramena.

Gure lehentasuna produktu horiek zuen esku jartzea izan da eta, nahiz eta askotan produktu horien banaketa zaila izan den eta irabazirik gabe saldu izan ditugun, zuen eskura jarri ahal izateak guztiz merezi izan du.

Etorkizuna. Egoera oso gogorra izan da. Jende asko gaixotu da. Hil. Ezin dugu ahaztu.

Orain badirudi egoera hoberantz doala, hala izan dadila, eta joan gaitezen pixkanaka normaltasuna berreskuratzen. Bitartean, gure omenaldia egin nahi diegu hilabete hauetan hain gaizki pasa duten gaixo eta horien senideei, lanean jarraitu duten zerbitzuetako langileei, botiketako kide guztioi eta, nola ez, zuei guztioi, honetatik ere denak aterako garelako edo inor ez. Txalo bat.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »