Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Melokotoiak"

2016/09/16
Aurten bai, aurten melokotoiak eta friskuak egin dira. Nere akorduan gutxitan aurtengo moduko uztarik. Izan be, ni txiki-txikia izan eta baziran arbola ederrak gurean. Aittitta Joseri galdetu nion behin ea nondik jirau zituen frutarbolok.  “Kaletik etorri ziran” berak. “Zelan ba kaletik?” nik. “Bai ba,... basuratan” harek berriz.
Hariari tiraka jakin dut Ipurua aldean bazala hondakinak metatzeko lekua, orain futbol-zelaia dagoen tokian. Gaur organikoa deitzen duguna bertan pilatuta geratzen zen. Hain zuzen be aittittak gurdian hartuta soroak ongarritzeko erabiltzen zuena. Horrela,  kaletarrek jan eta basuratara botatako hazietatik sortutako melokotoi landaretxoak azaltzen ziren arto eta gari artean. Argi dago organikoa eta konposta  ez direla gaurko kontuak, Eibarren ere ez.
Lurraren emankortasuna daukan materia organikoaren araberakoa da. %5ekoa neurri egokia dala esan ohi da. Nafarroa eta Arabako lur asko eta askoren indizea ez da %1era heltzen. Ondorioz, uzta jasotzekotan urtero ezinbestean  produktu kimiko ugari erosi eta bota behar dituzte hango nekazariek. Horra hor 50 urtetako nekazaritza-politikaren emaitza: lurrak erre ondoren, negozioa nekazari eta herritarron kontura (Vueltako Fertiberia-k kasu).
Zorionez organikoaren bilketak gora egiten dihardu. Gipuzkoako konpostari kalitate-testak egin ondoren, A maila eman du, hau da, kalitate oso ona, lurra ongarritzeko modukoa. Aldiz, urrea balio duen baliabidea gehitzen joan beharrean, itxura batean, erraustegia eraikitzera goaz. Herritarra bere hondakinekiko beharko lukeen ardura erlaxatzeaz gain, birziklatzeak eskatzen duen ahalegin txiki hori uxatzeko aitzakia bikaina.
Lur erreak biziberritzeko baliabideak errez gero, geroni melokotoi ederrenak!