“Neurtzen” (Ekhi Belar)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Neurtzen” (Ekhi Belar)
ETA KITTO 2021, Aza 14

Txikitan esan ziguten Armeria Eskolatik San Andres eskolara kilometro bateko distantzia zegoela, eta bizitza guztian zehar eskala hori aplikatu dut distantziak kalkulatzeko orduan. Hamar kilometroko ibilaldia egitera goazela? Ba neure buruan hamar aldiz egiten nuen Armeriatik San Andresera.

Azalera bat neurtzeko, ostera, ez dago foball zelaiekin alderatzea bezalako tresnarik. Hedabideetan asko hedatu da formula hau, zerbaitetarako balio izango balu bezala. Foball zelai batek 0,7 hektarea ditu. Beraz, kalkulua egitea ez da berehalako gauza, niretzat behintzat. Baina horren harira, galdera bat etortzen zait burura. Indian, adibidez, nola egingo dute alderaketa hori? Hektareak cricket zelaietan kalkulatzen dituzte? Zenbat neurtzen du cricket zelai batek? Hori bai, okerragoa izango litzateke AEB-koak izango bagina eta yarda eta akreetan neurtzen ibili izan beharko bagina. Ingelesa eta euren kultura mundura hedatzen arrakasta izan dute estatubatuarrek, baina neurriekin ez dute arrakastarik izan. Zerbaitengatik izango da.

Denbora neurtzeko ere alternatibak daude. Adibidez, Eibartik Bilbora doan autobusak Metallicaren 10 abesti inguru irauten ditu. The Beatles edo punk taldeen eskalan, ostera, bikoitza. Bakoitzaren gustuen arabera doa hori. Musika albo batera lagata, lagun batek, adibidez, erretako zigarroetan kalkulatzen zuen denbora. “-Zenbat denbora egon zara zain?”, “-Bi zigarro eta erdi”. Orain, eskumuturrean daramatzagun gailu berriekin, gero eta gauza gehiago neurtzea lortzen dugu. Badu bere alde ona, baina den-dena neurtzea ere… Denbora librea neurtzen dugu orain, ahalik eta zuku gehiena ateratzeko. Ordu erdiz telesail bat ikusiko dut, hurrengo orduan irakurri, hurrengoan kirola… Denbora librea ardura bihurtu dugu eta, aisialdirako gauzak egiteko orduan ere, beti neurtzen. Adibidez, paseo bat ematera goaz eta pausuak, bihotzaren taupadak, denbora… neurtzen ditugu. Ez dakidana da nola neurtu daitekeen gaur egungo gizartearen tentelkeria.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »