“Plastikoa” (Jaione Yeregi)

0    Iritzia 
CDwes76
“Plastikoa” (Jaione Yeregi)
ETA KITTO 2018, Mar 18

Elikagaiek gure dietan duten garrantzia argi daukagu, baina zer gertatzen da elikagai horiek gordetzeko eta egoera onean mantentzeko erabiltzen ditugun materialekin? Plastikoari buruz ari naiz. Plastikoa edonon aurki dezakegu. Ozeanoan arrainen dietaren zati garrantzitsu bilakatzen ari da. Beraz, arrain horiek jatean, kontuan izan behar dugu osasunean gero eta eragin handiagoa izango duela. Plastikoa toxikoa da: fabrikatzen dutenean, bere erabileran eta baita botatzen dugunean ere. Plastikozko ontziak, poltsak, kaxak…degradatzeko edo desegiteko 100 eta 1.000 urte bitartean behar dira. 100 plastiko mota baino gehiago daude, baina zazpi dira gehien erabiltzen direnak. Plastiko mota bereizteko, produktu edo ontzien ertz batean edo azpialdean, biraka dauden hiru geziz osatutako triangelu baten barruan dagoen zenbakiari begiratu behar diogu:

1 Zenbakidun plastikoa: PET edo PETE (Polietileno tereftalatoa). Jakien eta edarien ontzietako plastikorik ohizkoena da. 1 zenbakidun plastikoak ez dira berrerabili behar, denborarekin desintegratuz doazelako eta toxinak aska ditzaketelako.

2 Zenbakidun plastikoa: HDPE (Dentsitate altuko polietilenoa).Ontziak egiteko erabili ohi da: etxeko garbiketarako produktuenak eta kimiko industrialenak. Esnearen, zukuen, jogurten edota uraren ontziak ere egiteko erabili ohi da, baita zabor poltsak eta supermerkatuetako poltsak egiteko ere.

3 Zenbakidun plastikoa: PVC (Binilo polikloruroa). Mota guztietako garbigarri eta olio ontziak egiteko erabiltzeko, mangerak egiteko, medikuntza ekipamendurako, kableen estalkietarako… PVCak zenbait toxina bota ditzake.Ez da gomendagarria erretzea edo jakiek ukitzea.

4 Zenbakidun plastikoa: LDPE (Dentsitate txikiko polietilenoa). Zenbait botilatan, mota askotako poltsa eta bilgarrietan, kuboetan…. aurki daiteke. Mota hau plastiko segurua da.

5 Zenbakidun plastikoa: PP (Polipropilenoa). Hau ere plastiko segurua da. Likido eta jaki beroak edukitzeko ontziak egiteko erabili ohi da.

6 Zenbakidun plastikoa: PS (Poliestirenoa). Oso toxikoa da 80 ºC-ko tenperaturara iristen denean. Erabili eta botatzeko platerak eta basoak egiteko erabiltzen da, arrautza ontzietan, aspirinen ontzietan, CD kaxetan…

7 Zenbakidun plastikoa: Besteak. Mota askotako plastikoz egindako plastikoa da. Ur botila, balen kontrako materialak, DVDak, eguzkitako betaurrekoak, MP3ak, ordenagailuak… egiten dira plastiko honekin. Aska dezakeen sustantzia nahiko arriskutsua da kontsumituz gero. Gure esku dago plastikoak sortzen dizkigun arazoak ekiditea.

Gure esku dauzkagun ekintzen artean: erosketak egitera joaterakoan norberak bere poltsa eramatea, ura kristalezko edo borosilikatozko ontziak erabiltzea…. Ekintza sinple hauekin, etorkizunari onura izugarria egin diezaiokegu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »