“Txapa eta txipa” (Imanol Magro)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Txapa eta txipa” (Imanol Magro)
ETA KITTO 2018, Abe 10

Armairua ireki eta hor daude Euskaraldiako txaparekin zuloz beteriko jertse parea eta elastiko mordoa. Zehar kalteak dira, arropa berria saltzeko kanpaina biral aparta. Nik, dena den, harro erakutsiko ditut zulook aurrerantzean, gerra orbainak bailiran. Izan ere, Euskaraldiaren oso aldekoa naiz. Ez dit bizitza aldatu, baina esperimentu interesgarria iruditu zait, esperientzia pertsonal aberasgarriak eragin dizkidana, eta ziklikoki errepikatu beharrekoa. Mesfidati hartu nuen, ni berez bizi naizelako euskaraz, baina eszeptikoen argudioek eman zidaten azken bultzada. Izan ere, iruditzen zait oso modu merkean kritikatu dutela Euskaraldia. Jakina da ez duela egun batetik bestera Eibar edo Euskal Herria euskaldunduko, baita ere askok kosmetika ekintza bezala erabili dutela, Ahobizi eta Belarriprest guzti guztiek ez dutela diziplina zorrotza izan ere agerikoa da, eta Bihotzgoxo figurak agian ez zuen zentzu handirik… Bai, kritiko maitea, hori guztia bagenekien, ez gara inozoak.

Eszeptizismoak, zinismoak eta ironiak prentsa onegia dute, inteligentziarekin lotzen diren ezaugarriak dira eta ez du zertan. Kritika destruktibo gehiegi egiten dira, eta Euskaraldia bere tamainan neurtu eta baloratu behar da. Nire bizitzako eremu ezberdinetan txapa zeraman jendeari anekdota eta pasadizo txiki politak entzun dizkiet. Euskaraz hitz egiten hasi zaien bizilaguna, aurrerantzean enkargua euskaraz egiteko eskatu dien okina, beste txapadun bat ikustean gurutzaturiko begirada konplizea… Eibarren 3.735 izan gara, eta bakoitzak euskararekiko esperientzia positibo bakar bana izan badu, merezi izango zuen txipa aldatzeko. Hau hasiera besterik ez da, egi borobil handia irakurri genuen Untzagan. Txaparen tokia txip berriak bete dezala orain.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »