“Txokolatezko domina” (Ekhi Belar)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Txokolatezko domina” (Ekhi Belar)
ETA KITTO 2019, Ira 18

Abuztuko oporretatik bueltan berritasunak aurkitzen ditugu beti. Kale bat konpondu dutela, aspaldian ikusten ez zenuen ezagun bat hil dela edo bapatean lagunek beste modu batean egiten dutela berba, hitz eta jargoi berriarekin. Nerabea nintzenean gogoratzen dut abuztu amaieran etorri eta jendea de lujo gora eta de lujo behera entzutea. “-Zer moduz uda? –De lujo”. Gure berba ohituretan sartu zen eta hor jarraitzen du, de lujo.

Antzeko adibide gehiago daude, baina hemen ez dut espazio nahikoa guztiak azaltzeko. Hori bai, esamolde berri guztiak gazteleraz eh. Gazteleraz egiten badugu, ba ondo, naturala da, baina euskaraz eginez gero, zer? Gaztelera sartu. “Eibarren horrela egin izan dugu beti, trankilamentian”. Aurrera orduan, pausoz-pauso euskararen erabilera gehiago murriztu arte, de lasai.

Ba begira, aurtengo oporretatik sin más itzuli naiz. Txikiak ginenean nagusitan zer izan nahi genuen galdetzen zigutenean nik jubilatua izan nahi nuela pentsatzen banuen, zer nahi duzue? Lanera pozez zoratzen etortzea? Oso gustoko lana badut ere, sentitzen dut, baina ez. “Pribilegiatu eskergabea!”. Jan ahal izateko lan egiten dugu eta, zorionez, jatekoa ordaintzeko nahikoa dut (eta gehiago, bai), baina lana edukitzea pribilegioa dela konbentzitzen badigute, akabo. “Pentsamendu hori hala-holakoa da!”. Hala-holakoak garelako eta hala-holakoak izaten jarraituko dugulako, nahiz eta coach, guru eta bost pezetatako mesiasek garaileen kultura sustatu. Egin kasu, mila frustrazio ekidingo dituzu. Ekoizpen-bideen jabetza gure esku egon ezean, langileok galtzaile izaten jarraituko dugu. Txokolatezko domina irabazten duten garaileak. Qué púa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »