“Urteko 261 argazkiak” (Felix Morquecho)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Urteko 261 argazkiak” (Felix Morquecho)
ETA KITTO 2021, Ots 05

Nahiko lan  ematen dit joan den astean egin nuena gogoratzeak, eta urte oso, luze, berezi eta madarikatu bat atzera begiratu behar! Zein erraza ematen duen argazkilari bati bere argazki onenak aukeratzea proposatzea. Niri ere ez zait zaila iruditzen erronka beste bati botatzea, baina… Urte arrunt batean zailtasunak izango nituzke. Zein gai aukeratu? Estetika aurretik edo gertaeren garrantzia? Ikusgarritasuna edo egilearentzat xarma berezia duen irudia? Goi mailako futbola sartuko dugu ‘like’ gehiago lortzeko edo hobe edozein egunetako kale- argazki hura?

Orain dela gutxi konfinamendutik hona Eibarren (eta bakarrik Eibarren) egindako argazkien artean aukeraketa txiki bat egiten hasi nintzen. Helburua? 20 edo 30 irudi aukeratzea herrian bizitakoa isladatzeko. Emaitza? 261 argazki. Hau? barrura!, lehenengoa delako; beste hau polita delako; hurrengoa honako gai hau ikutzen duelako; beste hori aldaketa-momentu baten lekuko delako… Baina 261? Aitortu behar dut betidanik izan dudala arazo bat aukeraketarekin. Proposamena oso oso mugatua ez bada A plana, B plana eta horren atzekoa ere aztertzen hasten naiz. Batzuetan gauza ona da, baina arazo bihur daiteke emaitza zehatza eta bizkorra behar denean.

Halako batean erronka ailegatu zitzaidan. “Félix, aukeratu bi edo hiru argazki azken hamabi hilabeteetan egindako lanetik, zuri onenak iruditzen zaizkizunak”. Mmmm… Horrekin hasierako kasillara bueltatu gara. Lehen Eibarren egindako argazkiak jartzen zuen lekuan muga hori ezabatu behar dugu. Eta 261 zeuden lekuan 2 edo 3. Orain irizpideak desberdinak izango dira: Covid bakarrik edo Covid ez duena (Covid ez duen zerbait topatzen badut) ere? 2 edo 3 argazki? Bai, uste dut buruan baditudala.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »